Astelehenean hasiko da Bertsolari Gazteen XXIX. BBK Sariketa
Gaur goizean aurkeztu dugu Bilboko BBK Salan XXIX. Bertsolari Gazteen BBK Sariketea. Ione Narbaiza Bizkaiko Bertsozale Elkarteko eragileak, Koldo Bilbao BBK-ko Kultura arduradunak eta Oihana Bartra bertsolariak eman dituzte aurtengo BBK Sariketari buruzko xehetasunak.
Sariketa astelehenean hasiko da, urriaren 18an, Leioan; saio guztiak jokatu ostean, azaroaren 29an izango da finala, BBK Salan bertan.
Txapelketaren egitura
Bertsolari Gazteen BBK Sariketa taldekako txapelketa da, eta talde bakoitzean, gutxienez, sei kidek kantatuko dute, bi multzotan:
- A mailan: 18 urtera arteko hiru bertsolari
- B mailan: 19 urtetik 26 urtera arteko hiru bertsolari
Aurten ere, azken urteetan moduan, sei bertsolariko zortzi taldek hartuko dute parte eta, beraz, 55 bertsolari inguru arituko dira kantuan. Eskualde bakoitzak talde bat osatuko du, hurrengoak izango dira: Arratia, Busturialdea, Durangaldea, Enkarterri/Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea-Artibai, Uribe-Butroe, eta Uribe-Kosta.
Bertsolari Gazteen BBK sariketaren ezaugarri nagusienetako bat taldeka jokatzen dela da. Hau da, taldekideen lana talde moduan baloratzen da eta saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen taldeak egiten du aurrera.
Kanporaketa bakoitzeko talde irabazlea finalaurrekoetara sailkatzen da, eta finalaurreko bakoitzeko irabazlea finalera.
Saioz saio, finalera arte
BBK Sariketak aurreko urteetako egitura berbera edukiko du. Lau kanporaketa jokatuko dira lehenengo, finalaurreko bi gero, eta azkenik, finala.
Hurrengoa izango da egutegia:
Saio guztiak eskola-ordutegian egiten dira, beraz, ikusleak ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleak izaten dira. Dena dela, saioak irekiak dira, eta gura duena hurreratu daiteke.
Bereziki, finalera etortzeko gonbidapena luzatu nahi izan dugu. Finala BBK Salan izango da azaroaren 29an, 18:00etan.
Denentzako saria
Talde izaera indartu eta elkarren arteko harremanak indartu guran, aurten ere, BBK Sariketako sari nagusia taldeko plan bat izango da. Finalistek garaikurrak jasoko dituzte, baina sari nagusia Txapelketan parte hartuko duten gazte guztientzako (bertsolari, gai-jartzaile eta epaile) egun osoko plana izango da.
Horrez gain, finalaren egunean, parte hartzaile bakoitzarentzako oparitxoa ere bananduko da. Aurten, gainera, iazko moduan, kantakera onenaren saria ere egongo da.