Astelehenean hasiko da Bertsolari Gazteen 32. BBK Sariketea

2024/10/28
Berrikuntzekin dator bertsolari gazteen plazaratzea helburu duen bertsolari gazteen sariketa.

Gaur goizean aurkeztu da Bilboko BBK Salan XXXII. Bertsolari Gazteen BBK Sariketea. Astelehenean, azaroaren 4an, izango da lehenengo kanporaketa Bilboko Urretxindorra Ikastolan, eta abenduaren 5ean jokatuko da finala Zornotzan, Zelaieta Zentroko auditorioan. Aurkezpenean egon dira Idoia Anzorandia Bizkaiko Bertsozale Elkarteko eragilea, Koldo Bilbao BBKko Kultura arloko arduraduna eta Juanjo Respaldiza Bizkaiko Ikastolen Elkarteko koordinatzailea, eta, horiekin batera, Aissa Intxausti bertsolaria ere egon da, bere esperientziaren berri ematen.

Bertsolari Gazteen BBK Sariketea taldean jokatzen den sariketa da, hau da, bertsolariek taldean hartzen dute parte. Aissa Intxaustik “Plazaratzea ez da erraza, gorputza jartzea eta inprobisatzea ez dira errazak, eta taldean egiteak laguntzen du” azpimarratu du.

TALDEAK
Taldeen osaketari dagokionez, adina kontuan hartuta, bi mailatan jokatu da:

  • Gaztetxoak (A): 18 urtera arte. Orain arte moduan, hirukoteak osatuko dituzte. 6 taldek hartuko dute parte.
    • Xarmengarriak gira: June Legarreta (Meñaka), Emile Zabala (Mungia), Enara Gallastegi (Dima)
    • Puntuak eta komak: Amaiur Betanzos (Bilbo), Ekhi Zuluaga (Igorre), Iradi Barrenetxea (Artea)
    • AP8ko txikia: Iraia Lauzirika, Garazi Ibarretxe (Zornotza), Kelmene Abaitua (Berriz)
    • Arrakalak loratu: Garazi Uriarte (Berriz), Malen Bilbao (Arantzazu), Aiala Irurtia (Arantzazu)
    • Anitzak: Adur Lopez de Garcia (Sodupe), Aimar Marcos (Zalla), Nahia Ruiz de Arbulo (Zalla)
    • Sagutxo Kaskarinak 2.0: Amaia Gallastegi (Zornotza), Naroa Iturrioz (Zornotza), Maddi Aurtenetxe (Zornotza)
  • Nagusiak (B): 25 urtera arte. Kasu honetan aldaketa egongo da, ordea, eta bikoteka hartuko dute sariketan parte. 6 bikote izango ditugu.
    • Ai Zapotxin!: Bittor Altube (Abadiño) eta Joseba Ortuzar (Larrabetzu)
    • LGBTaket: Ainhoa Gorostiaga (Gamiz-Fika) eta Izaro Bilbao (Mungia)
    • Malla 2: Araitz Katarain (Mallabia) eta Irune Basagoiti (Ermua)
    • Okerbidea: Iruri Altzerreka (Garai) eta Peru Irastortza (Getxo)
    • Rara avis: Haizea Telleria (Bilbao) eta Maite Sarasola (Bilbo)
    • Team Rocket: Ixone Asategi (Durango) eta Janire Arrizabalaga (Gernika-Lumo)

EGITURA

Eliminazio sistemako txapelketa da; hiru kanporaketa, bi finalaurreko eta finala izango ditu. Saio bakoitzean puntu gehien batzen dituen multzo bakoitzeko bikoteak egingo du aurrera.

2024-10-28 saioen irudia. BBK

SAIOETARA JOATEKO GONBIDAPENA

Lehenengo faseko saioak goizez izango dira, eta lehen hezkuntzan bertsolaritza lantzen ari diren ikasleek izango dute saiook entzuteko aukera. Hau da, entzuleak ere badira sariketa honetako helburuak.

Finalaurrekoak eta finala, ordea, arratsaldez izango dira, eta antolatzaileek bereziki saio hauetara joateko deia egin dute. Idoia Anzorandia “euskaltegietako ikasleak etortzera animatzen ditugu, eta hauekin batera, baita publiko zabala ere, saio bereziak izango direlako”. Finala, gainera, Zornotzan izango da aurten, Durangoko Azokatik hurbil egotea izan baita helburuetako bat, eta beraz, saio ostean, Durangora joan eta euskal kulturarekin gozatzen jarraitzeko gonbidapena luzatu dute aurkezpenean.

SARIAK

Amaitzeko, sarietan ere berrikuntza egongo da aurten. Gazteek jasotzen dituzten Elkar bonoen zenbatekoa hazi egin da, kulturan inbertitzeko aukera izan dezaten, eta, horrez gain, finalean ere hainbat sorpresa egongo dira. Bestalde, B mailakoek sari ekonomikoa ere izango dute eta bikote txapeldunak txapela. Amaitzeko, kantakera onenaren saria ere egongo da.

Dena dela, eta azken urteetan egindako moduan, denontzako saria ere egongo da. Antolatzaileek garrantzi berezia eman diete bertso-eskoletako gazteen saretzeari, eta beraz, aurten ere, parte hartzaileentzako bertso egonaldia egingo da abenduan bertan. Besteak beste, bertso-eskola eta egun osoko plana izango dituzte gazteek.

2024-10-28 BBK sariketa. kartela