Abenduaren 7an urteurren festa!

2013/11/20
Abenduaren 7an, 18.00etatik 19.00etara, Durangoko Azokan egingo dan bertso ekitaldi labur batekin ospatuko dugu Bizkaiko Bertsozale Elkartearen 30. urteurrenaren harira antolatu ditugun ekintzen amaiera.

2013. urtea urte oparoa izan da gurean. Izan ere, 30 urte bete ditu Bizkaiko Bertsozale Elkarteak eta hori ospatzen gabiltza ekimen desberdinen bidez. Amaiera danon artean eman nahi diogu eta horretarako bertsolari eta bertsozaleak gonbidatuta zaudete.

Abenduaren 7rako prestatu dugun egitaraua:

48. Durangoko Azokako Areto nagusian lehendakariaren berben ondoren bertso saioa; Xabier Amuriza, Igor Elortza eta Oihana Bartra arituko dira bertsotan eta beste sorpresaren bat ere izango da. Baina bertsoa jai girora ere aterako dugu. Ekitaldiaren ondoren  bertso-triki-poteoa izango da Durangoko kaleetan zehar.

                                   

Aipatzekoa Bertso eskolak izan direla orain arte protagonista urteurrenaren jaian. Beraien arteko desafioak antolatu dituzte, urteurrena hainbat herri eta entzulerengana iristeko. Ekainaren 22an Balmasedan Enkarterriak eta Zornotzarren artekoa jokatu zen. Ekainaren 30ean, Larrabetzun, bertakoen eta Busturialdekoen desafioa eta irailaren 21ean Bizkaiko Zubiaren alde banatan kokatu ziren ALBEko kideak eta Kiliika Bertso Eskola eta Zallako Bertso Eskola.

Baina iraganari begiratzeko tartea ere hartu dugu. 30 argazki eta 30 bertso biltzen dituen liburua eman du argitara Bizkaiko Bertsozale Elkarteak. Urte hauetako ibilbidea irudikatzen duen liburua bazkideei opari emango zaie Durangoko Azokako jaian edo Elkartearen egoitzara hurbiltzen direnei.