“Eskolatik Plazara” bertsolari gazteentzako plaza
Eskolatik plazara 18 urte arteko bertso eskoletako gazteei zuzendutako proiektua da. Ekimenaren helburu nagusiak gazteei lehiatik kanpo kantatzeko aukera eskaintzea, beraien arteko harremanak sendotzea eta konfiantza giroa lantzea dira.
Entzuleak, bestalde, 11-12 urteko gaztetxoak izaten dira, hau da, ikastetxeetan bertsolaritza lantzen ari diren gaztetxoak. Hauek izango dira, gainera, bertso saiorako gaiak landuko dituztenak.
Proiektu honek helburu bikoitza du, beraz; batetik, bertsolari gazteei plazak ematea, eta bestetik, bertsolaritza ikasleengana bertso saio bat hurreratzea.
Ekimen hau orain 15 urte ipini zen martxan, eta ikasturte honetako edizioari Zornotzako Larrea ikastetxean emango diogu hasiera. Aurten, astelehen arratsaldeetan izango dira saioak, eta 12 gazte inguru ibiliko dira Bizkaiko ikastetxeetan zehar kantuan.
Saio bereziak izaten dira Eskolatik plazarakoak, bertsolari eta entzule gazteen neurrira diseinatutakoak. Horretarako, Ander Elortegi Garatea, Bittor Altube Sarrionandia eta Idoia Anzorandia Kareaga arituko dira gidari beharretan aurten.