Zer da bertsoa?
What is bertsolaritza? ikus-entzunezkoa (2018), Etxepare Euskal Institutuak eta Mintzola Ahozko Lantegiak ekoitzia da, Laboral Kutxaren babesarekin.
Xabier Amurizak bi puntutan honela laburbiltzen du bertsolaritza:
Neurriz eta errimaz
kantatzea hitza
horra hor zer kirol mota
den bertsolaritza.
Era berean, Joxerra Garzia, Andoni Egaña eta Jon Sarasuaren Bat-bateko bertsolaritza liburuan, kantatuz, errimatuz eta neurtuz burutzen den berbaldi bat bezala definitzen da. Doinua, errima eta neurria bertsoaren alderdi teknikoak baino ez dira, hala ere: "Bertsoari kalitate maila bere arrazoibidearen indarrak edo bere balio poetiko-erretorikoek emango diote".
Baina hel diezaiogun oraingoz alde teknikoari.
Doinua
Bertsolaria, oraingoz ezagutzen ditugun munduko inprobisatzaile gehienak ez bezala, musika-tresnaren laguntzarik gabe aritzen da bertsotan. Joanito Dorronsorok, orain artean arlo honetan lan gehien egin duen ikertzaileak, 3.040 doinu ikertu eta sailkatu ditu.
Jatorriaren arabera, bertso doinuak hiru kategoriatan sailkatzen dira:
- Usadiozko doinu herrikoiak: gehiengo handia
- Neurriz parera datozen doinu berriak
- Propio osatutako doinuak
Musika-tresnen laguntzarik gabe kantatzeko, bertsolariak ahots sendo eta belarri ona behar duela izan pentsa daiteke, baina Joxerra Garzia, Andoni Egaña eta Jon Sarasua adituen esanetan, "komunikazioaren arrakasta edo porrota ez dago bertsolariaren ahotsaren kalitatearen baitan, aukeraturiko doinuaren eta hura kantatzeko moduaren egokitasunean baizik".
Neurria
Bertsoa puntutan zatitzen da eta puntu bakoitzak, neurriaren arabera, silaba kopuru jakin bat izango du. Bat-bateko bertsolaritza liburuan aitortzen denez, "bertsolariak, bat-batean ari delarik, ez du sekula silaba kopurua zenbatzen. Hori bai, doinuak eta errimak laxotasun handiagoa izan dezaketen bezala, neurrian ez dago erdibiderik. Ongi neurtuko dugu edo gaizki".
Hauek dira bat-bateko bertsolaritzan sarrien erabiltzen diren neurriak:
Bestelako zenbait egitura
Aurretiaz aipatutako neurriak dira plazaz plazako jardunean maizen erabiltzen diren neurriak. Hala ere, badira beste neurri batzuk: koplak, tradizio handia dutenak eta oso erabiliak direnak eskerako eta errondarako.
- Kopla handia
- Kopla txikia
Tradizio handiko neurri horien alboan badira egitura berriagoak ere. Bat-bateko bertsolaritza liburuan oso ongi azaltzen da neurri horiek nola eta zergatik sortuak izan diren. "Askotan bertsolariek beraiek sortuak dira, txapelketetarako gehienetan. Zailtasun teknikoaren gailurra topatu nahi izan da horrelakoetan. Bertso luzeagoa, errima gehiago... arrisku handiagoa estropozo egiteko, baina arrakasta nabarmena bidea ongi burutuz gero. Baina ez da hori egitura berri hauen sorkuntzaren arrazoi bakarra. Egungo bertsolaritza modernoaren ezaugarrietako bat da, testu luzeagoaren beharra. Bertsolariak bere originaltasuna azaltzeko, bere arrazoibidearen konplexutasuna kokatzeko, gaiarekiko distantzia hartzeko... lekua behar du testuan".
Hona hemen horietako batzuk:
Arestian aipatutako neurriek errima talde bakarra erabiltzen dute, baina badaude errima talde biz osatutako neurriak ere. Honakoa adibideak esate baterako:
Errima
Bat-bateko bertsolaritza liburuan aipatzen denez, "askorentzat errimak osatzen du bertsoaren alderdi teknikoen ardatza. Errimatuz ari bagara (nahiz errima guztiz aberatsa ez izan), bertsotan ari gara".
Errima beti da sail berekoa, baina errima pobre eta aberatsak bereizten dira. "Burua" eta "ordua" hitzek errima pobrea osatzen dute eta, aldiz, "elizan" eta "gerizan" hitzek errima aberatsa, ("-an") atzizkian errimakide izatez gain, aurreko kontsonantean ("-z-") eta honen aurreko bokalean ("-i-") eta hasierakoan ("-e-") ere bat egiten dutelako.
Baina errima eta neurria bertsolariarentzat arau edo muga diren arren, laguntza-bide ere izan daitezkeela esaten da Bat-bateko bertsolaritza liburuan. Izan ere, "bertsolariak ez du sekula nahi duen huraxe esaten. Esaten du, neurri batzuen barruan eta buruan bildu dituen errima hitzekin une jakin batean esateko gai dena. Ez da bertsolaririk nahi duena esan eta gainera neurtu eta errimatu egingo duenik. Badira bertsolariak, aldiz, neurtu eta errimatzeaz gain, argitasun une batzuetan esan nahi luketenera asko hurbilduko direnak".
Bertsoaren zailtasuna
Salbuespenak salbuespen, bertso batean errima talde berekoa da eta beti kontsonantea. Bertsolariarentzat zailtasunik handiena errima hitz multzo egokia bilatzean datza. Bertso berean errima-hitza errepikatuz gero, bertsolariak poto egin duela esaten da. Potoa da bai epaimahaiak eta baita publikoak ere gehien “zigortzen” duten akatsa.
Neurriak ez du barkatzen, baina bertsolaria ohitua dago 10, 8, 7, 6, 5 silabatan pentsatzen.
------------------------------------
Ikus ere:
- EGAÑA, Andoni; GARZIA, Joxerra; SARASUA, Jon. Bat-bateko bertsolaritza: gakoak eta azterbideak (2001) (eu)
- Oral Tradition Journal, 22-2 (2007) : Basque Special Issue (en)