Bertsolaritza ikastetxean

Bertsozale Elkartearen oinarrizko proiektuetako bat da. Ekimena 1985ean abiatu zen Nafarroan, eta, egun, euskararen lurralde osoan, Lehen Hezkuntzako ikastetxe gehienek hartzen dute parte.

Bertsozale Elkarteko 53 irakasleko lantaldearen eskutik, 29.500 ikasle ari dira bertsolaritza ikasgelan lantzen. Bertsoa irakasteko prozesuan hobekuntzak egiten eta gauza berriak probatzen ari gara etengabe.

Materialgintzan eta formazioan

Mundu bat bertso

Etengabeko hobekuntza horiek irakasteko metodologian eta materialgintzan gorpuzten dira, batez ere.

Batetik, haurrei bertsolaritza nola irakasten zaien aztertzen ari da Bertsozale Elkarteko Mikel Artola azken urteetan eta, egindakotik abiatuta, metodologia berria probatu eta proposatu du. Oinarrian, haurrei bertsotan bat-batean irakastean datza: plazakotik gertuago dago, eta jolasetik ere asko du. Gelako jarduna dezente aldatzen da, eta honek guztiak irakasleen formakuntza eskatzen du; horretan ere ari gara.

Bestetik, materialgintza. Irakasleek beraiek sortzen dute gero ikasgelan erabiliko duten materiala. Proiektuaren oinarri pedagogikoa Bertsolaritzaren curriculuma. Lehen Hezkuntza (Lanku, 2008) lanean biltzen da, eta oinarrizko material didaktikoa www.bertsoikasgela.eus atariak (2018) eta Mundu bat bertso argitalpenek osatzen dute (Lanku, 2016).

Bertso eskoletan baliatzeko Karta Jolasak ere atera ditugu (Lanku, 2021). Sei karta sortaz osatutako bilduma da: zailtasun mailaren arabera antolatuta daude, eta sorta bakoitza ariketa jakin batera dago zuzenduta.

Hitzetik Hortzera (2019-10-27): atala osorik, hemen