Historia
Bere sorreratik eraldaketa izan du egitasmoak, izaeran zein antolaketan. Omenaldi kutsua zuen ospakizuna izatetik, esperimentaziorako espazio izatera pasa zen eta azken urteetan Donostiako mugetatik harago lurralde osoan eragitera pasatzeko saiakera egin da ibiltari bilakatuz.
Bertsolari Eguna, bertsolarien omenaldi
1968. urtean hasi zen antolatzen gaur BERTSO EGUNA izenetik ezagutzen dugun ekitaldi hau. Donostiako San Sebastian jai egitarauaren barruan bertso ekitaldi berezi bat antolatzea erabaki zuen Kultur eta Turismo Ekintzetxea erakundeak, eta, orduko txapelduna, Manuel Olaizola "Uztapide" omendu zen. Arrakastatsua izan zenez, antolatzen jarraitzea erabaki zuen KTEk. Bertsolari Eguna izena zuen orduan, eta garaiko hainbat bertsolariren omenaldi eguna izan da urte askoan. 1970 eta 1980 urteetan izan ezik, urtero egin zen. Jarraian doakizue urtez urte omendu direnen zerrenda.
- Manuel Uztapide (1968)
- Fernando Aire "Xalbador" (1969)
- Manuel Lasarte (1971)
- Mattin Treku (1972)
- Iñaki Eizmendi "Baserri" (1973)
- Balentin Enbeita (1974)
- Pedro Ortuzar "Iturri" (1975)
- Joxe Miel Iztueta "Lazkao Txiki" (1976)
- Joxe Lizaso (1977)
- Joxe Joakin Mitxelena (1978)
- Joxe Agirre "Oranda" (1979)
- Paulo Zubiarrain "Paulo Txikia", Antonio Mari Eizmendi "Loidisaletxe" (1981)
- Jon Mugartegi (1982)
- Manuel Sein "Xanpun" (1983)
- Txomin Garmendia (1984)
- Jesus Alberdi "Egileor" (1985)
- Patxi Etxeberria (1986)
- Jon Azpillaga (1987)
Bertsozale Elkarteak, sorrera-sorreratik (1987), bere gain hartu zuen Bertsolari Egunaren egitarauaren ardura, Donostiako KTE erakundearen lankidetza eta babesarekin beti ere eta lehengo bidea jorratzen jarraitu zen:
- Bautista eta Xalbador Madariaga (1988)
- Jose Luis Lekuona "Lexoti" (1989)
- Jose Alberdi eta Basilio Pujana (1990)
- Patxi Iraola eta Florentino Goiburu (1991)
1991n omenduen alorra zabaltzea erabaki zen bertsolaritzaren alde lanean aritu zirenetara:
- Emile Larre, Mariano Izeta eta Teodoro Hernandorena: antolatzaileak (1992)
- Alfontso Irigoien antolatzailea eta Santi Onaindia: eragilea eta ikerlaria, hurrenez hurren (1993)
- Jexux Lete "Ibaiertz", Inozentzio Olea, Joxe Aierbe, Manuel Matxain, Luis Rezola "Tximela", Jose Manuel Arriola, Xalbador Zapirain "Ataño" eta Sebastian Salaberri: gerra osteko bertso-jartzaileak (1994)
Esperimentaziora bide: Bertso Eguna
1995ean, Bertsolari Egunaren norabidea aldatzea erabaki zuen Bertsozale Elkarteak. Hala, omenaldien aroari amaiera eman eta Bertsolari Egunari ateak itxi, eta Bertso Egunari ireki zitzaizkion. Gizartearen ohitura eta bizimolde aldaketek, hala nola bertsolaritzarenak berarenak, eguneratze bat eskatzen zuen helburuetan zein egin-moldeetan. Igande eguarte-arratsaldeko gertakizuna izatetik, larunbat arrats-gaukoa izatera igaro zen, eta helburu berriak jarri ziren: garaiko bertsogintzaren aldaketak islatzea, esperimentatzea, kanpoko esperientziak ezagutaraztea… Horrela, saiakerak egin dira bat-bateko sorkuntza eta eszenan jartzeko molde landuen arteko orekaren bila.
Hamaika ekitaldi ezagutu ditugu geroztik:
1995 - Udarregiren mendeurrena: Andoni Egaña eta Zazpi Eskaleen disko aurkeztu berriek, ikus-entzunezko osagarriak eta bat-bateko saioak izan zuten protagonismoa.
1996 - Alpujarretako troberoak, Balear Uharteetako glosadoreak eta Kubako dezimista izan ziren gure artean. Bat-bateko bertsogintzak izan zuen bere lekua.
1997 - Katea ez da eten lemapean hiru belaunaldietako bertsolariek osatutako taldeen bat-bateko saioak eskaini ziren.
1998 - Pedro Mari Otaño Ameriketara azken aldiz joan zenaren 100. urtemuga ospatuz antolatu zen Euskadi Irratiarekin elkarlanean.
1999 - Mende bi tarte izan zuen lema, eta bat-bateko saio berezia izan zuen oinarri. Saio amaieran dantza eta bertsoen arteko uztarketa entseatu zen.
2000 - Bertso Eguna 455. Jalgi adi plazara zuen lema, Etxeparerena gogoan. Bat-bateko saioa oinarri, bertsolaritzaren historia islatzen zuen diaporama eta bertsolariaren "trantze"-aren antzezpena jaso zituen.
2001 - Bertso Egunak… Bere Bidean Bertso Tramaren proposamena ekarri zuen: gidoilari batek eratu eta proposatutako gidoi jarraituan bertsolarien bat-bateko sormena.
2002 - Eneko Olasagastiren gidaritzapean, eszenografian egin zen ahalegina, baliabide desberdinak erabiliz eta bertsolariei gaiak emanez. Bat-bateko goi mailako bertsogintza eta eszenaratzea uztartzea izan zen jomuga.
2003 - Gai-jartzaileek aurreko urtean zehar egindako lanaren isla izan nahi zuen, egungo bertsogintzan duten eragina eta beren sortzaile izaeraren aldarrikapenaren irudi. Bertsolarien sormena eta gai-jartzaileen eragina izango ziren nagusi.
2004 - Bertsogintzarentzat protagonismo osoa berreskuratzeaz gain, bertsolarien kokapena eta espazioaren banaketa izan ziren bereizgarri nagusi. Bertsolarien posizioa eta oholtzaren banaketa bereziak bertsoan edo bertsoaldian izan dezakeen eragina azaleratu nahi izan zen.
2005 - Bertso Hutsik. Bertsoa biluzik, zer ezkutaturik gabe bere neurriaren bila. Berdina al da gai librean herriko plazan ala Kursaal bezalako areto batean jardutea? Eta nolako bilakaera du bertsoaldiak bikotea hirukote bihurtuz gero?
2006 - Lehengo Lepotik izan zen leloa. 2005eko Txapelketa Nagusiaren arrakastaren zurrunbiloan murgilduta, nondik gatozen gogorarazi nahi izan da, protagonismoa bertsolari belaunaldi zaharrenei emanez. Bertsolariak ez ezik, zer aldatu da bertsolaritzan? 60. hamarkadara jauzi egin eta orduko bertso-giroa bizitu nahi izan zen Kursaalen.
2007 - Aho Zabalik lemapean. Hitza ez beste bitartekorik gabe liluratu ohi du bertsolariak: magia, oreka, emozioa, umorea, ironia… ikus-entzuleekin komunikazioa lortu eta konplizitate giroa sortzea du helburu. Bertsolariek, Txan magoaren kolaborazioarekin eta Ander Lipus aktore bikainaren gidaritzapean giro magikoa lortu zuten.
2008 - Bertso-Bertsioa. Sorkuntza globalean eta bertsogintzan eztabaidagai diren kontzeptuak aireratzea zuen helburu 2008ko Bertso Egunak: bertsoa/bertsioa, orijinala/kopia, autentikoa/imitazioa, erreproduziblea/irreproduziblea, autoretza/jabetza konpartitua (copyright/copyleft), plagioa, aipuak…
2009 - Joan-etorrian. Bertsolarien artean, gai-jartzailea eta bertsolariaren artean, baita bertsolariak eta publikoaren artean ere. Bertsoa komunikazioa den heinean, publikoa agente aktiboa da bertso-ekitaldian. Gaia edo bertsoa entzun osteko erreakzioak –isiltasuna, txaloa, keinua, algara- eragina du bertsolarian eta saioan eta sormen prozesua baldintzatzen du.
2010 - Jorge Oteiza eskulturgile eta pentsalariaren inguruan ardaztu zuen ekitaldia Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak. Bere ideiak eta ateraldiak oholtza gainean frogak egiteko baliatu ziren: Oteizaren esaerak, izaera, esaldiak… gurera ekarri, moldatu eta probatu.
2011 - Kamaleoiek hartu zuten Kursaala Bertso Egunaren edizio ganberroenean. Bertsotan ari diren leku fisikora, entzulearengana eta gaiaren eskakizunetara moldatzeko erabiltzen dituzten baliabideak bistaratu zituen eskenatokian aurkeztu ziren pilotalekuak, gaztetxeak, elkarte gastronomikoan prestatutako otorduak eta alde zaharreko Rekalde tabernatik zuzenean egindako saioak.
2012 - Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen hogeita bost urteurrena ospatu zen. Elkarren segidan katean jarritako domino pieza erraldoiek markatu zuten saioaren estetika. Kantuan, zazpi probintziatako hogeita bost bertsolari, mende laurden lehenago Bertsolari Egunean omendua izan zen Jon Azpillaga bertsolariak abestu zituen agurreko bertsoak.
2013 - Gizakiak bizitzan zehar aurre egin beharreko krisiak izan zituen ardatz Kursaaleko ekitaldiak. Jakina baita, zalantza egoeran areagotzen direla sormena, irudimena eta lanerako griña. Irudi gisa erabili zen sokak erakusten digu tentsio momentua: "Soka etetera doa, honezkero eten ez bada. Hari bakarrean izanik bi aukera ditugu: soka tenkatu edo korapilo berriak asmatu. Dena ziztuan aldatzen da eta pentsatu gabe erabakitzen dugu. Estuasuna ez da sormenaren akuilurik txarrena, ordea".
2014 - Azalera. Bertsolaritzaren historiako zein gaurko emakumeak oholtzaren erdian jartzea eta generoa gai nagusi bihurtzea bilatu zuen Bertso Eguna izan zen. Emankizunaren antolaketan 37 emakumek hartu zuten parte (prozesua bera jabetze eskola bihurtuz), eta Kursaaleko oholtzan lehen aldiz bertsolarietan 8 emakume eta 4 gizonezko ikusi genituen bertsotan.
2015 - Jolastu nahi? izenarekin aurkeztu zen. Hamabi aulki eszenatokian; jolaserako jarrita daude aulkiak, bakoitza postura eta kolore batean. Bertsolariei jolaserako proposamena egingo zaie, jolastea nahiko genuke, baina serio jolastea. Bertsotan egin dezatela.
2016 - Kartelean hiru ate gorri; halabeharrez, bat aukeratu behar. Zein, ordea? Bertsolariak antolatzailearen deia jasotzen duenetik oholtzan gaia entzunda kantuan hasi bitartean hartu beharreko erabakiak izan zituen Bertso Egunak helduleku. Goizean emanaldi goxoa egin zen Picachila garagardotegian eta Kursaalen emanaldia arratsaldean, afariaren aurretik.
Bertso Egun ibiltaria
Urtebeteko atsedena eman zitzaion Bertso Egunari; 2017an ez zen emanaldirik antolatu, ziklo bat itxi eta beste bati hasiera emateko. Euskal Herri guztian eragin nahian, eta lurraldetasun irizpideari lehentasuna emanez, aurrerantzean egitasmoa ibiltari egiteko apustua egin zuen Bertsozale Elkarteak. Eta hala, Donostiako Udalari urte guztiotako lankidetza eskertuta, 2018an itzuli zen Bertso Eguna; Mungiara.
2018 - Kantuen letra sorkuntza eta bertso idatziak helduleku hartuta berrartu zuen Bertso Egunak bere bidea. Goizean mahai-ingurua egin zen Mungiako Torrebillela eraikinean, eguerdian hiru bertso-bazkari elkarte banatan, eta arratsaldean emanaldia Olalde aretoan. Mungiako Udalaren eta Taket Bertsolaritza Alkartearen laguntza izan zuen Bertsozale Elkarteak.