Bertso Eguna 2022
"Denontzako ezagunak dira klitxeak, aurreiritziak eta aurrez eraikitako iruditegi eta usteen multzo hori. Leku batera iritsi aurretik lekua bera irudikatzen saiatu ohi gara, erran digutenarekin eta uste dugunarekin eraikitzen dugu irudia; lekuaren eta lekua osatzen duten pertsonen ustezko definizioa. Zenbateraino diren okerrak, zenbateraino zuzenak... denborak ez ezik esperientziak berak erranen digu.
Esperientzia horietako batez gozatzeko aukera eskaini nahi du aurtengo Izpurako Bertso Egunak. Bertso jarduna ohikoa eta zentrala izanen bada ere, ertz eta diziplina desberdinak ukituko dituen bertso saioa izanen da: bertsoa, musika, dantza, marrazkia...
Ireki begirada, eta ea klitxeak zuzenak ala okerrak diren ikusterik dugun."
Odei Barroso, Bertso Eguneko talde antolatzailea
17:00etan, Izpurako (Baxenabarre) Faustin Bentaberri Gelan izango da saioa.
- Aimar Karrikak gidatuta, Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Sustrai Colina eta Unai Agirre ariko dira bertsotan.
- Gainera, Bertso Egunekoa emanaldi berezia izanik, eskualdeko beste zenbait sortzailek ere hartuko dute parte: Bilaka Kolektiboko dantzariek, Paxkal Irigoien eta Xabi Etxeberri musikariek eta Dom Campistron marrazkilariak.
Sarrerak eskuragai daude www.bertsosarrerak.eus atarian 9 euroren truke; Bertsozale Elkarteko bazkide ez direnek 12 eurotan izango dituzte; eta gazteek 6 eurotan.
Martxoaren 14tik aurrera, antzokietan sartzeko ez da COVID-19ari lotutako ziurtagiririk beharko, eta honenbestez, ezta Bertso Eguneko emanaldian sartzeko ere, duela zenbait aste Frantziar Estatuko agintariek iragarritakoaren arabera.
Plaza biziberritzeko apustuaren baitan, Eusko Jaurlaritzaren eta Laboral Kutxaren babesa du emanaldiak eta Izpurako herriaren laguntza.