Bertso Eguna 2014
Urtarrilaren 25ean ospatu zen 2014ko Bertso Eguna. Egun osoko ekitaldia prestatu genuen elkarlanean Donostiako Udalak eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak, EITBren laguntzarekin.
Generoa izan zuen gai Bertso Egunak: "bileratan 37 emakume elkartu gara eta bidea izan da ziur aski ederrena. Belaunaldi ezberdinetako emakumeok elkartzeko aitzakia, ikuspegiak trukatzeko gunea, elkarri entzuteko aukera, zer bilatzen dugun nork geure buruari galdetzekoa”, azaldu zuten aurkezpenean. 55 bertsolarik eta beste 9 kultur sortzailek zein taldek hartu zuten parte, goizetik hasi eta gaueraino antolatutako ekitaldietan.
Eguerdian bertso-poteoa egin zen Donostiako Alde Zaharreko kaleetan barna. 18:00etan jaialdi nagusia egingo da Kursaalen. Bertan 12 bertsolarik kantatuko dute: Maialen Lujanbio, Nerea Elustondo, Amets Arzallus, Uxue Alberdi, Rosi Lazkano, Igor Elortza, Onintza Enbeita, Maddi Ane Txoperena, Beñat Gaztelumendi, Ainhoa Agirreazaldegi, Saioa Alkaiza eta Iñaki Gurrutxaga. Iraia Eliasek aurkeztu zuen jaialdia, eta berau izan zen arratsaldeko emanaldiaren zuzendari artistikoa. Saioan zehar beste hainbat artistak ere hartu zuten parte: Miren Gaztañaga eta Ainhoa Alberdi aktoreek, Judith Monterok saxoarekin, Allarte oihal eta dantza taldeak, eta Maddi Oihenart abeslariak. Jaialdiak umorea izan zuen oinarri eta generoaren inguruan gogoetaraztea zuen helburu.
Egunari amaiera emateko 700 lagunentzako afaria eta afalosteko “saio ganberroa" izan ziren eta lehen aldiz Manteo kiroldegian. 22 lagunek hartu zuten parte afalosteko saioan eta amaitzeko Laket taldearekin erromeria izan zen.
ARGAZKIAK:IKUS-ENTZUNEZKOAK:HEMEROTEKA: |