Bapatean

Bertsolaritzak urtean zehar utzi duen uzta biltzen eta koordinatzen du Xenpelar Dokumentazio Zentroak, eta bertsoaldi horien lagin bat hartuta bilduma osatzen du: Bapatean. Argitalpena osatzeak lan prozesu luzea dakar berekin: bertsoaldiak jaso, transkribatu, hautatu...

Bapatean bildumak

1988an egin zen lehenengo Bapatean, eta ordutik, hutsik egin gabe argitaratzen da. Paperean ateratzen zen 2009ra arte; ondoren, 2010etik 2019ra arte, CDa bertsoak irakurtzeko pdf fitxategiarekin eta audioekin; 2020an eta 2021ean, sarean jarri ziren eskuragai argitalpena eta bertsoaldien audioak; eta 2022tik, digitalean ez ezik, paperean ere ateratzen da argitalpena (bertsoaldien audioak sarean izango dira entzungai; mp3 fitxategiak jaso nahi izanez gero, jarri harremanetan helbidean).

Prozesu luzea bizi izaten du Bapatean bildumak. Urtero hainbat saio jasotzen dira, bideoan zein audioan. Horretaz grabaketa sarea arduratzen da: Bertsozale Elkarteko hedapen taldea, herrialdeetako elkarteak, bertso-eskolak, norbanakoak…  horiek bildu, transkribatu, eta informazio osagarria jasotzen da.

Gero, hautaketa lana dator. Horretarako irizpide batzuk daude zehaztuta: urtean plazan gertatutakoaren isla agertu behar da, dabiltzan bertsolariak eta bertsoaldi onenak ere bai. Datuen araberako proportzionaltasun bat egiten da.

Hautaketa lanaz gain, urtean zehar izandako saioen mugimendua ere azaltzen da: saio moten kopuruak herrialdeka, eskualdeka, txapelketak eta sariketak, eta argazkiak ere bai. Bertso munduko norbaitek idatzi ohi duen hitzaurreak biribiltzen du bilduma.

  • Bertsozale Elkarteko bazkidea bazara, etxean jaso dezakezu doan 'Bapatean 2022' liburua, otsailaren 13a baino lehen ondorengo formularioa beteta.
  • 'Bapatean 2022' otsailaren hondarrerako egongo da digitalean irakurri eta entzuteko aukera, bdb.bertsozale.eus atarian.