Ikastetxetan "Gu ere bertsotan"
"Gu ere bertsotan" proiektua, ikastetxeetan, ikas orduetan bertsolaritza lantzeko proiektua da.
Euskal Herri mailan garatzen den proiektua da, 5. eta 6.mailako 20.532 haur eta gaztetxok lantzen dute dute bertsolaritza ikastetxeetan. Araban 41 ikastetxetan lantzen da bertsolaritza, 112 geletan, guztira 2057 ikasle.
Proiektuaren oinarri pedagogikoa Bertsolaritzaren curriculuma Lehen Hezkuntza (Oiartzun: Lanku S.L, 2008) lanean biltzen da eta bertan jasotzen ditu bertsolaritzaren ikastetxetako lanketak haurren garapenari begira dituen helburuak, hauei loturiko edukiak, metodologia zein ebaluazio irizpideak. “Gu ere bertsotan” proiektuaz, hala, bertsolaritza ikuspegi globalizatzaile batetik planteatuta, 4 arlo lantzen dira: Hizkuntza, Kultura, Musika (ahotsa) eta Trebetasun Pertsonalak eta Sozialak.
Oinarrizko material didaktikoa Gu ere bertsotan 1 (Oiartzun: Lanku S.L, 2010 (Ixaka saria, 2010)) eta Gu ere bertsotan 2 (Oiartzun: Lanku S.L, 2010) liburu eta ikus entzunezkoek osatzen dute.
Ikastetxeek zer baloratzen dute proiektutik
Proiektuan parte hartzen duten ikastetxeekin ebaluazio bilerak egiten dira, idatziz ere jasotzen direlarik ikastetxeen ebaluazioak.
Proiektuaz ikastetxeek gehien preziatzen dituzten ezaugarriak hauexek dira:
-Metodologia dinamikoa dela. Ohiko klaseen errutina apurtzen dela.
-Hizkuntza lantzeko ematen dituen aukerak, modu ludikoan eta erakargarrian
-Bertsolaritza irakasleek, haurrekiko lortzen duten hurbiltasuna. Halaber, ikastetxeak antolatzen dituen ekitaldietan hainbatetan ekimenak dinamizatzeko rola ere hartzen dutela.
-Ikasleek gustuko dutela bertsolaritza klasea
-Saio osagarriak estimatzen dituzte, asko, ikastetxeek: ikasturte amaierako jaialdi, bertso saio, zentroko ospakizunetan parte hartzea
EKINTZA OSAGARRIAK
“Gu ere bertsotan” proiektuaren baitan ekintza osagarriek berebiziko garrantzia dute. Ikasturtean zehar ikasgelan egindako lana plazaratzeko eta ikasleen motibazioan eragiteko akuilu izateaz gain, “Gu ere bertsotan” proiektuak herri eta ikastetxe mailan lortu nahi dituen azken helburuei erantzuteko ere funtsezkoak dira ekintza osagarriak. Alegia, ikastetxean edota herrian bertsozaletasuna eta bertsolaritza sustatzea, eta ikastetxetik kanpora ere haurrek jarraipena ematea zaletasun horri beren inguruan.
Proposatzen ditugun ekintza osagarriak hauexek dira:
- Ikastetxe arteko topaketak: Eskualdeko ikasle guztiak egun batean batu eta gela bakoitzak gelan egindako ekoizpen bat besteen aurrean kantatzea proposatzen dugu.
- Eskualdeko Bilbertsoak (Eskuldeko bertso-bilduma): Ikasturte amaieran eskualdeko bertso bilduma publikatzen da, paperean edo format digitalean.
- Eskualdeko urtekariak: Ikasturte amaieran, Bilbertsoarekin batera, ikasturte horretan egon diren bertsolaritzarekin loturiko urtekaria.