Arabako Bertso-eskolartekoa
Topaketa ezberdinetan Arabako bertso-eskola batzuek parte hartzen duten ekimen bat da, 18 urtetik beherakoak dira partaide guztiak.
Lagun arteko giroan eta taldeka aritzen dira 14 urte arteko gazteak, 14-18 urte bitartekoak txapelketa moduan eta bakarka aritzen dira. Maiatzean eskualdez eskualde hainbat topaketa burutzen dira, eta herrialde mailan bukaeran bi festa egun eder, 14-18 urtekoek bertsoa bizi gazte eguna izaten dute eta 14 urtez azpikoen eskolarteko finalean egun osoko festa. Bertso-eskoletako kide guztiek parte har dezaten bi modalitate ere egongo dira, bertso jarriena eta bat-batekoa, bat batekoan trebatu ez direnentzat.
Euskal Herriko beste herrialdeetako elkarteekin eta Ikastolen Federazioarekin koordinatuta burutzen den egitasmo bat da.
ZER DA ESKOLARTEKOAK ERAGIN NAHI DUENA, PARTAIDEENGAN?
Haur eta gazteei, euren neurriko saioak eskaintzea, rol anitzetan aritzeko bide ematea, adinkideekin harremanak egitea eta bertsolariekin zuzeneko harremana izatea.
Bertso-eskolatan, bertsotan egiteko motibazioa piztea, rol ezberdinak lantzeko bide ematea, saioen antolakuntzan trebatzeko aukera bat izatea, beste bertso-eskolekin harremanak egitea, eta talde lana zein bakarkakoa uztartzea eta biei balioa.
Inguruan (adinkideengan, gurasoengan, ikastolan, herrian), adinkideak ekimen hauetara erakartzea eta zaletzea, herriko bertso-eskola ezagutzera ematea eta herrian bertso ekimenak sustatzea.
DATU BATZUK
10 herritan daude Arabako bertso-eskolak, 33 talde eta adin ezberdinetako 206 parte-hartzaile. Euretatik 130 dira haur eta gazteak.
ANTOLATZAILEAK
Arabako Bertsozale Elkartea eta Ikastolen Federazioa
1987.urtean antolatu zen lehendabiziko aldiz Arabako Eskolartekoa. 2000.urtetik hona urtero antolatzen da.
(Argazkia: 1994.urtean Armentia ikastolan)