Araba

Unai Anda izan da Oholtzapetik bigarren jardunaldiko finalista

2018/05/14
Artziniegak Aguraini pasa zion OHOLTZAPETIK egitasmoaren testigua, bertako Santa Maria plazako Olbeapean elkartu ziren bertsozaleak. Entzulea epaile izanik, Unai Andak jaso zuen txalo zaparrada entzutetsuena eta beraz bera izango da Aroa Arrizubietarekin batera Murgiako finalean kantatuko duen bigarren finalista.

Pasa den ostiralean jokatu zen OHOLTZAPETIK egitasmoaren bigarren saioa Agurainen. Santa Maria plazako arkupetan elkartu ziren Aitana Iradierren aginduetara  Manex Agirre, Paula Amilburu, Unai Anda eta Asier Otamendi.  Gazte pila bat bertaratu zen pankarta eta guzti euren bertsolari maiteak animatzeko eta txalotzeko asmoz. Saioari dagokionean, saioa bizia eta ona izan zela esan dezakegu, eta bai puntukako saioan zein koplakako ariketan ale eder eta ateraldi bikainik entzuteko aukera izan zuten bertaratuek. Azkenean txalometroaren arabera eta Paula ere oso gertu bazuen ere, Unai Anda izan zen Murgiako finalera pasatzeko ohorea izango duena. Zorionak beraz Unairi eta hurrengo ostiralean Laudion Aretako Kultur Etxe parean izango gara Oholtzapetik ekimenaren hurrengo zita garrantzitsuan. Bertan, maiatzaren 18an, arratsaldeko 20:30ean, hirugarren kanporaketa jokatuko da. Lierni Altunaren aginduetara izango ditugu Xabi Antia, Izar Mendiguren, Oihane Perea eta Felipe Zelaieta

 OHOLTZAPETIK egitasmoa jarraitzeko hemen https://www.bertsozale.eus/eu/araba/proiektuak/oholtzapetik-entzulea-epaile/oholtzapetik-2018