Manurgan burutu zen udako lehen egunetan Gorbeialdeko gaztetxoen barnetegia
Eguraldiak gehiegi lagundu ez bazuen ere, ateri egon ziren uneak aprobetxatzen oso abilak izan ziren, nahikoa etekin atera zioten egonaldiari.
Ezagutza jolas batzuk egin zituzten lehenik, Gopegi, Murgia, Legutio eta Duranako umeak elkar ezagutu zitezen, talde bikaina osatu zuten guztien artean. Talde jolas batzuk ere egin zituzten aire librean eta lehenengo eguna gaubela xume batekin amaitu zuten.
Bigarren egunean, zirkular antzeko ibilbide bat egin zuten Manurga eta inguruak ezagutu ahal izateko eta arratsaldean bertsolarien bisita jaso zuten, Maddi Agirre, Eukene De los Aires eta Unai Anda etorri ziren umeak entretenitzeko asmoz. Afal ondoren bertso saio benetan polita eskeini zuten begiratu zein begiraleek asko gozatu zutena.
Azken egunean bolo txapelketa egin ostean bazkaldu, etxea garbitu eta autobusera igo ziren bakoitza bere etxera joateko.
Balorazio benetan positiboa izan duen egonaldia.