Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Otsailak 4, Aramaio

Izena pentsau bida eta Tratamendurik gabeak:

“Izena Pentsau bida” taldea nagusi Aramaioko derbian Santa Ageda bezpera egunez

Santa Ageda bezpera egunez jokatu da Aramaion bertako bi talderen arteko saioa. Egun berezia izan da herrian, egun osoz aritu baitira bertso eskolako kideak trikitixa eskolako eta abesbatzetako hainbat kiderekin batera eskean herriko auzo eta kaletan barrena.

Ohitura zaharrari bertso berriek eman diote jarraipena Ehiztari txokoan. Hasteko, Aramaioko Bertso Eskolako ikasleek egindako bertso sorta abestu dute bertan bildu diren 45 lagunek. Ondoren eman zaio hasiera Arabako Kuadrilarteko Bertsolari Txapelketako kanporaketari. Etxeko talde bezala, “Izena Pentsau bida” eta kanpoko talde gisara “Tratamendurik gabeak”.

 Umorez betea izan da saioa hasierako agurretatik hasita. Txistua lagun ekin diote etxeko taldekoek eta Santa Ageda eskean ohiko diren doinuak ere ekarri dituzte. “Tratamendurik gabeak” taldekoek ostera, Etxepe taldearen bertsio batekin hasi dute saioa.

 Zortziko handian Martin Abarrategi eta Andere Arriolabengoa aritu dira nerabe biren paperetik, errealitateko egoerei erreferentzia eginaz, Abarretegik azkar ekarri ditu bere anaien izenak eta kasuak plazara. Jarraian, zortziko txikian aritu dira bertso eskolako bi gazte: Sabin Abarrategi eta Gari Arexolaleiba. Umoretik aritu dira biak ere entrenatzaile pertsonalaren eta hau kontratatu duenaren paperetik eta algara ugari egin du publikoak.

 Lau oinak emanda abestu dute ondoren Arabako azken finaleko buruz-burukoan aritu ziren bi bertsolariek, ondoren esan dutenaren arabera, eskolarteko garaitik ez zuten ariketa hori egiten. Hala ere, zalantzak agertu dira publikoaren artean Agirrek sekula eskolartekoan abestu ote duen egun duen adina dela eta, askok diote, bera gazte zenean ez zela halakorik existitzen.

 Azken puntua emanda Paula Amilburuk eta Manex Agirrek abestu dute eta hor ere zalantza izan da gai beraren bueltan. Puntu erantzunetan aldiz, saioko gazteenak (Txomin Abarrategi) eta Danel Herrartek egin dute, biek ere jaso dute txalo zaparrada bana.

 Kartzelako lanean odol urdin askorik ez dutela argi erakutsi dute bi taldeek. Printze eta printzesa parean jarri ditu Lierni Altuna etxeko taldeko gai-jartzaileak, greba egiteko asmoa duten printze eta printzesa paperean.

 Bukatzeko kopletan aritu dira bi taldeak Iraide Onaindia panderojoleak eta June Ballesteros trikitilariak lagunduta. Beldurrezko pelikula bat ikusi duten 3 gazte izan dira Martin, Danel eta Manex; Andere, Paula eta Txomin aldiz, futbol talde bereko jokalarien paperetik aritu dira, beti aulkian dauden hiru jokalari.

 Azkenerako, “Izena Pentsau bida” taldeak irabazi du saioa eta beraz, aukera asko ditu finalerditarako sailkatzeko. Otsailak 10ean faseko azken saioarekin erabakiko da zein taldek egingo duen aurrera.

Aramaioko Bertso eskolako txikienen sorta: 

Guk badakigu Danelek beti
Festa duela nahiago
Aprobatzia filologia
Horrela da zailagoa
Danel lo itxia derrigorra da
Bestela dena akabo
Alde batera juerga utzita
Ikasi askoz gehiago.

Txapelketa hontan zu bai zarela
Taldeko beteranoa
Txapelketetan izan zarela
Beti bigarren planoa
Ez baza enterau Manex agirre
Zuretzako da bertsoa
Egunean behin desinstalatu
Ez zarela expertoa.

Institutuan gaztelera da
Asignatura txarrena
Nahiz ta esaten dauien hortik
Irakasletan onena
Paula zu zara Gasteizen bizi
Eta han egoten dena
Zuen kortuek ematen daue
Jai danetan kriston pena.

Gari motorran gasolina dau
pixkatxo bat garestia
Egunero zuk ibiltzen bozu
dala apurbat larria
kirola itxeko ahalza bajatu
egiten korrikaldia
ta aurreztukozu diru aldetik
pisu ikaragarria.

Ointxe Txomin da tokau jakona
Eta hemendik gazteena
Bertsoak botatzen zu zarela bai
Hemen barregarriena
Ofizioak bakar egitea
Hori dela bai problema
Zu lasai egon seguru asko
Txarto egingo duzu dena.

Afizio asko zuk daukazula
Arabako inguruan
Gure idoloa izango zara


Bi urte pasatakuan
Sabin txapela irabazita
Ibilikoza munduan
Bi urte barru eukiko dozu
Zuk txapela bai buruan.

Bertsotik kanpo zu izan zara
Gitarra jole onena
Bob marleyena zu bai zarela
Jarraitzaile sutsuena
Adinarekin gure Andere
Taldean zara zaharrena
Baina bertso bat kantatzekoan
Adina ez da problema

Profe moduan emun duzkuzu
bizitzan asko indarra
Zu txapelketan bai izan zinen
gurekin oso zakarra
Ta hau izan da irabazita
daukozun txapel bakarra
Izango zara nire eredua
itxen zarenian zaharra

Martin espero surte txarra ta
azkenak bai penketia
Keba broma da lasai hartu ta
Aprobaukozu guztia
Aprobaukozu zu egon lasai
ez da lehenengo aldia
Enpollau asko bukatu dana
Ta gero atsedenaldia.

Argazkiak

Argazki gehiago

Albisteak

Umore bikainez heldu diote Kuadrillek ligako bigarren asteburuari

Umore bikainez heldu diote Kuadrillek ligako bigarren asteburuari

2023/02/07

Asteburu osoko egitarauan eta lurra esnatzeko Santa Agedako jai inguruan biribildu da Arabako bertso Kuadrilla arteko lehen faseko bigarren asteburua. Ostiralarekin eman zitzaion hasiera Gasteizen, larunbatean bazkari baten bueltan jarraitu zuen Agurainen, Gorbeialdera salto eta Aramaion afaria eta astebukaerari amaiera Narbaizan eman zitzaion.

Umore bikainez heldu diote Kuadrillek ligako bigarren asteburuari - Gehiago irakurri

Bigarren asteburua Gasteizen hasi eta Lautadan amaituko da Gorbeialdetik pasa ostean

Bigarren asteburua Gasteizen hasi eta Lautadan amaituko da Gorbeialdetik pasa ostean

2023/02/02

Lau saio izango dira Arabako bertso Kuadrilla arteko txapelketako lehen faseko bigarren astebukaeran ere. Gasteiz, Agurain, Aramaio eta Narbaizan izango dira lehiak.

Bigarren asteburua Gasteizen hasi eta Lautadan amaituko da Gorbeialdetik pasa ostean - Gehiago irakurri

Maeztun abiatu da Arabako bertso kuadrilla arteko txapelketa

Maeztun abiatu da Arabako bertso kuadrilla arteko txapelketa

2023/01/14

Maeztun elkartu ziren larunbatean Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketan parte hartuko duten bat-bateko taldeen ordezkariak. Maeztun aurkeztu dute Kudrillek eta Arabako Bertsozale Elkarteak txapelketaren zazpigarren edizioa. Guztira 280 parte hartzailetik gora.

Maeztun abiatu da Arabako bertso kuadrilla arteko txapelketa - Gehiago irakurri

Fitxa

Eguna
2023/02/04
Ordua
20:00
Mota
Finala
Herria
Aramaio
Tokia
Plazako Elkartea