Otsailak 4, Agurain
Bertsolarriak (Mendialdea) eta Beeeeeertsolariak (Lautada), Santa Ageda bezpera polita Agurainen.
Larunbatean, otsailak 4ean, Aguraingo Astorreka elkartean Bertsolarriak eta Beeeertsolariak aritu ziren giro ezin hobean. Bertsolarriak taldean Eli Plazaola, Alberto Txasko, Miren Beitia, Txiki Antia, Xabi Lasa eta Itsaso Balza de Vallejo bertsolariek hartu zuten parte eta Beeeetsolariak taldean berriz Aitor Najera, Markel Yoller, Iker Pastor, Beñat Canoeta Jon Ruiz de Pinedok.
32 lagun elkartu ginen eguerdi partean eta bazkaldu ondoren beste lagun batzuk ere gehitu ziren bertso saioaz gozatzera. Bazkari eder batez gozatu ondoren, bi bertso-eskoletako lagunek prestatutako bertso sortak guztien artean abestu genituen bat-bateko saioa hasi aurretik. Ondoren saio puntuagarriari hasiera emateko, agurren txanda izan zen. Bi taldeak elkar zirikatzen ibili ziren oso giro jatorrean. Entzuleak pozik, guztientzako izan ziren txaloak.
Berehala Oier Suarez gai jartzaileak lanean jarri zituen bi taldeak. AHTo langileak entzun genituen lehenengo, aztarna batzuk topatu ondoren, lanak bertan behera utzi ala aurrera jarraitzea izan zuten eztabaidagai. Gai ezberdinak lantzeko aukera izan zuten bertsolariek: bikotea irekia bihurtu ala ezkondu, guardia zibila ere hortik azaldu zen.., Santa Ageda eguna eta opilak,etab. Ganbarako lanean denbora makinan sartuta ere ibili ziren, Afrika, Karibea…izugarrizko bidai politak egin zituzten baina berehala Astorrekara bueltan etorri ziren. Noski! Non hobeto bestela?
Aintzira Gorosabelek bere kitarrarekin lagundu zituen bertsolariak azken lanetan. Batzuk ikas bidaian apartamendu aurrean giltzik gabe eta beste batzuk pisukideak, komun bakarraren aurrean eta danak sartu nahiean.Nahikoa barre egiteko aukera izan genuen.
Azkenik, agurrak abestu bitartean Fernando Sopelana, Egoitz Iradier eta Lorea Elorriaga epaileek erabakia hartu zuten: Beeeeertsolariak irabazle!!
Aguraingo bertso eskolaren sorta:
DOINUA : “O Bella Ciao”
Gaur Mendialdetik atera dira
Lautadara, harroputz eta puztuta;
baina heltzean, puzkatu zaie
esperantza gu ikusita.
Opakuatik jaitsi zaizkigu
Astorrekara Santa Agueda doinuaz;
ea saioan, oroitzen diren
pentsatu duten errimaz.
Lehen ordutik aritu dira
eskatzen eta ere abesten ozen;
lurra esnatu eta ondoren
ea ez diren lokartzen.
Ta sailkatzeko zuek jai duzue
jaungoikoa ez dago hemen zuekin;
ez daukazue fitxaje estrella
aurten Jonpi da gurekin.
Horrelakorik ez daukazue
Astorrekan gaur kexatzeko menuaz;
baina ez zaitezte zuek nahastu
errimak eta doinuaz.
Hemen gaudenok lotsarik gabe
aspalditik gara gu oso ezagunak;
gaur ondo janda ta ondo edanda
bihurtu gara lagunak.
Bonbo artean, zuek ikusi
zenuten finaletan beti Lautada;
afari artean, birsortu gara
ta garaitezinak gara!
Aitzaki honekin elkartu gara
Astorrekan guztiok gaur gozatzera;
hau bukatzean joango gara
denok pote bat hartzera.
Albisteak
Umore bikainez heldu diote Kuadrillek ligako bigarren asteburuari
Asteburu osoko egitarauan eta lurra esnatzeko Santa Agedako jai inguruan biribildu da Arabako bertso Kuadrilla arteko lehen faseko bigarren asteburua. Ostiralarekin eman zitzaion hasiera Gasteizen, larunbatean bazkari baten bueltan jarraitu zuen Agurainen, Gorbeialdera salto eta Aramaion afaria eta astebukaerari amaiera Narbaizan eman zitzaion.
Bigarren asteburua Gasteizen hasi eta Lautadan amaituko da Gorbeialdetik pasa ostean
Lau saio izango dira Arabako bertso Kuadrilla arteko txapelketako lehen faseko bigarren astebukaeran ere. Gasteiz, Agurain, Aramaio eta Narbaizan izango dira lehiak.
Maeztun abiatu da Arabako bertso kuadrilla arteko txapelketa
Maeztun elkartu ziren larunbatean Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketan parte hartuko duten bat-bateko taldeen ordezkariak. Maeztun aurkeztu dute Kudrillek eta Arabako Bertsozale Elkarteak txapelketaren zazpigarren edizioa. Guztira 280 parte hartzailetik gora.
Fitxa
- Eguna
- 2023/02/04
- Ordua
- 14:00
- Mota
- Final laurdenak
- Herria
- Agurain
- Tokia
- Astorreka Elkartea