Otsailak 3, Gasteiz
Katuko muinoak eta Ibarrako periferiak:
Ostiral iluntzea da, otsailaren 3a, eta Muinoko Etxean hiruzpalau katu urduri azken uneko prestaketa lanekin ari dira: garbitzen batzuk, ahotsa berotzen besteak, sukaldean ere bai baten bat. 20:30etan tantaka hasi dira iristen gonbidatuak, Ibarrako Perfieriak eta entzuleak, eta mahaiaren bueltan, estufa artean (soberan izan dituzte azkenean kamiseta termikoak aramaioarrek), eseri dira afaltzera.
Afalondoan, giro alaian, Irati Lotina aurkezlea altxatu da mikrofono ondora eta iragarri du saioa hasi aurretik bertso idatziak entzuteko unea dela. Batek behin esan zuen bezala, pertsona ezin da kartzelatik atera baina ahotsa ez dute gelditzen barrote eta paretek eta Zaballako Bertso Eskolako kideek ahotsak entzun dira muinoko etxetik bi sorta kantatzen. Kantatu diote askatasunari, hitzari, bertsoari, indarrari, etsaiari eta espetxeari, baina, batez ere, bizipozari, bizigogoa ezin da eten zigor legez kolpatua.
Hunkiturik eta gogotsu ekin diote ondoren bertso leihari: Ibarrako Periferiak taldeko bi kide originalak, Ane Arexolaleiba eta Iraide Oinandia, eta bi ordezko, Paula Amilburu eta Martin Abarrategi (Xabi Igoa eta Aitor Ugarteren ordez), eta beste aldean Katuko Muinoakeko Eli Zaldua, Iñaki Viñaspre eta Ekaitz Samaniego (Xabier Antia falta zen, eski txapelketa mundial batera joanda omen).
Saio eklektikoa izan da: modernoa, batetik (Ibarrako Perfieriaren agurra Shakira eta BZRen abestiaren douinuz); eta klasikoa ere bai, trikitixa eta panderoak lagundua.
Gaztetxean infiltratu den poliziaren gaiak eman du zer kantatu zortziko handian, obretan inor baino hobeto aritzen den nazionala asanbladatik ezin bota.
Puntu erantzunetan bikaina Viñasprek jaso duen egurra, Ane Arexolaleiba gaztea bai, baina ez baitzegoen txikitzat hartzen uzteko prest. Viñaspreren adinari barre egin dio lehenik Anek eta honek, erantzun nahian, bota: “Altu helduko zara altura horrekin”, eta Arexolaleibak erantzun: “Baju erori zara komentario horrekin”. Abetxukon ere entzun dira barre algarak.
Ganbarako ariketan puntuka egin dute terapia posmoderno batean elkartu diren hiru lagunek: bata gehiegi hitz egiten duelako, bestea hitzik egiten ez duelako eta, hirugarrena, lagun imaginarioarekin soilik mintzatzen delako. Sendatu ez, baina paperean sartuta fin abestu dute bertsolariek.
Azken agurrak egin eta Katuko Muinoak suertatu dira garaile. Bertsoak onak izan direla eta ardoa hobea esanez amaitu behar zuen kronika honek; egiari zor, baina, gaztetxeko ardoa txarra da eta patxarana ona, eta lagunarteko giro epela are hobea.
Albisteak
Umore bikainez heldu diote Kuadrillek ligako bigarren asteburuari
Asteburu osoko egitarauan eta lurra esnatzeko Santa Agedako jai inguruan biribildu da Arabako bertso Kuadrilla arteko lehen faseko bigarren asteburua. Ostiralarekin eman zitzaion hasiera Gasteizen, larunbatean bazkari baten bueltan jarraitu zuen Agurainen, Gorbeialdera salto eta Aramaion afaria eta astebukaerari amaiera Narbaizan eman zitzaion.
Bigarren asteburua Gasteizen hasi eta Lautadan amaituko da Gorbeialdetik pasa ostean
Lau saio izango dira Arabako bertso Kuadrilla arteko txapelketako lehen faseko bigarren astebukaeran ere. Gasteiz, Agurain, Aramaio eta Narbaizan izango dira lehiak.
Maeztun abiatu da Arabako bertso kuadrilla arteko txapelketa
Maeztun elkartu ziren larunbatean Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketan parte hartuko duten bat-bateko taldeen ordezkariak. Maeztun aurkeztu dute Kudrillek eta Arabako Bertsozale Elkarteak txapelketaren zazpigarren edizioa. Guztira 280 parte hartzailetik gora.
Fitxa
- Eguna
- 2023/02/03
- Ordua
- 20:30
- Mota
- Final laurdenak
- Herria
- Gasteiz
- Tokia
- Gaztetxea