Otsailak 22, Argantzun
Trebiñuko Jainkoaren seme-alabak taldeak Argantzunen:
Horrelako egun handi batek eskatzen duenez goizean goizetik hasi zen Ritxar, Pablo, Lur, Amaia eta Aintzanek osatutako lan-ekipoa janaria eta mahaia prestatzen 40 lagunentzat Argantzun elkarte dotorean.
12:00etan herriko Txingoka Dantza Taldeak ekitaldi bikaina egin zuen. Bertsolarioi eskaini ziguten agurra ez dugu inoiz ahaztuko. Denok Txulalai dantzatzen bukatu genuen.
Ikastolako bertso taldeak gidatuta kopla ederrak kantatu genituen.
Lander gure trikitilari kuttunaren atzetik bertso-kantu poteoari hasiera eman genion. Herriko hiru tabernetatik ibili ginen herria alaitzen.
Bazkari goxoaren ostean bizpahiru kanta ezagun abestu genituen eztarria berotuz joateko, eta jarraian bi ordutako bertso saioari eman genion hasiera.
Ramiro, Maxi eta Marga gai-jartzaile bikainen gidaritzapean hainbat ariketa desberdin osatu zituzten talde anfitrioko lau bertsolariek (June, Garazi, Felipe eta Rikardo), Mendialdetik etorritakoek (Lore, Itsaso eta Txiki) eta Errexalakoek (Ander, Ainara eta Xabi).
Giroa berotzen joan ahala Xabi Riko ere animatu zen.
Etorri ezinik geratu zen Josuk kopla batzuk bidali zituen eta Garazik kantatu zizkigun. Oso txalotua izan zen.
Gure taldeko Rafa epaileak, bere lana fin egin nahi duenez hurrengo kanporaketan, errimaz bete zuen mantela. Eskerrak paperezkoa zela! Kazetaritza eta antolaketa lanen ardura Antton, Alfredo eta Iñaki hiru txapeldunena izan zen.
Bukaeretan gertatzen denez, norbaitek galdera arriskutsu hori bota zuen: Non hartuko dugu azkena? Eta animatu ziren ausartek benetako bertso-eskola eman zuten taberna barruko epelean.
Albisteak

Amaiera borobila izan dute laugarren astean Kuadrillartekoko bertso egunek
Gasteiz, Izarra eta Argantzun izan dira protagonista laugarren eta azken Kuadrillartekoko lehen fasean, Kuadrillako bertso egunak. Gasteizen bertso poteoa izan zen ostegunean, ostiralean bertsotxokolata Izarran eta larunbatean egun osoko egitaraua antolatu zen Argantzunen, dantzak, bertso-kantu poteo eta bertso-bazkaria.

Arabako Kuadrillako azken bertso egunak Gasteiz, Izarra eta Argantzunen izango dira
Kuadrillartekoa hasi zenetik laugarren astearekin batera azken hiru herri eta eskualdetan izango dira Arabako Kuadrillako bertso egunak. Gasteizen ostegunean, Izarran ostiralean eta Argantzunen larunbatarekin burutuko dira azken bertso egunak.

Gasteizen aurkeztu da 2025eko Arabako Bertso Kuadrilla artekoa
Gasteizko Amaia Zentroan elkartu dira larunbatean Arabako Bertso Kuadrilla artekoan parte hartuko duten 14 taldeetako ordezkariak. Kuadrillartekoaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa.
Fitxa
- Eguna
- 2025/02/22
- Ordua
- 12:00
- Herria
- Argantzun
- Tokia
- Argantzun