Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Otsailak 20, Gasteiz

Gorringo:

19:30etan bildu ziren Gorringoko taldekideak Hala Bedira, osteguneko lehen tragoa eta pintxoa eskuratzeko asmotan. Zenbait taldekidek kale egin bazuen ere, gogotsu iritsi ziren bertsolariak, eta behin guztiak bilduta, bertsotan hasi ziren.

Oso presente egon ziren, saio osoan zehar, bertaratu ez ziren taldekideak. “Benetan zaila bihurtu zaigu/talde osoa biltzea”, bota zuen Maddi Sarasuak, eta aurreko egunetako antolakuntza gogoan Unaik “saioa hain desastrea” ez irtetea espero zuela aipatu zuen. Hala ere, berehala indartu zuen gogoa Eukenek: “Behintzat gu laurok etorri gara/parranda denen kalera/zerbezak denok eskutan hartu/eta goazen kantatzera!”.

Lehen tragoak amaitu ostean, La Teja tabernara mugitu zen taldea, eta hor ofiziotan hasi ziren, “ze gaur egiten dugun guztiak/zehazten du gerokoa”, Maddi Agirrek agurrean bota bezala, Aramaixoko Taluen, Errexalaren eta Arlobiko Bardoen aurka jokatu beharko duten finalerdia gogoan. Maddi Sarasua eta Maddi Agirre izan ziren lehenengoak: Kuadrillako Eguneko poteoan taberna batera kantatzera joandako bi bertsolari, tabernako jendea isilarazteko estrategiak bilatzen. Falta zirenak gogoan “Aroaren ahotsa/da falta zaiguna” bota zuen Sarasuak. Agirrek, aldiz, “mikrofonotik bota/zazu ssshh handi bat” aholkatu zion, baina honek funtzionatzen ez zuela ikusirik, estrategia aldatzea planteatu zuen: “rapeatzen hastea/da beste aukera”.

Eukene eta Unai puntuka aritu ziren gaia emanda, Kuadrillartekorako taldearen izena pentsatu behar zutela aitzaki hartuta. “Jada nahastu zaigu/hiztegi guztia”, onartu zuen, desesperatuta, Eukenek, eta Unaik zera ekarri zuen gogora: “Aramaion talde bat/da izenik gabea”. Hala, ideiak botatzen aritu ziren, “beste trago batekin inspiratuta”, Eukenek esan bezala.

Gero, Kutxirako bidea berrartu zuen taldeak, eta kantuan aritu ostean, berandutzen hasi zela ikusirik, koplatan saioari bukaera eman zioten, martxoaren 23an taldeak Gillernan jokatuko duen finalerdirako indarrak gordetzeko asmoz.

Argazkiak

Argazki gehiago

Albisteak

Amaiera borobila izan dute laugarren astean Kuadrillartekoko bertso egunek

Amaiera borobila izan dute laugarren astean Kuadrillartekoko bertso egunek

2025/02/25

Gasteiz, Izarra eta Argantzun izan dira protagonista laugarren eta azken Kuadrillartekoko lehen fasean, Kuadrillako bertso egunak. Gasteizen bertso poteoa izan zen ostegunean, ostiralean bertsotxokolata Izarran eta larunbatean egun osoko egitaraua antolatu zen Argantzunen, dantzak, bertso-kantu poteo eta bertso-bazkaria.

Amaiera borobila izan dute laugarren astean Kuadrillartekoko bertso egunek - Gehiago irakurri

Arabako Kuadrillako azken bertso egunak Gasteiz, Izarra eta Argantzunen izango dira

Arabako Kuadrillako azken bertso egunak Gasteiz, Izarra eta Argantzunen izango dira

2025/02/20

Kuadrillartekoa hasi zenetik laugarren astearekin batera azken hiru herri eta eskualdetan izango dira Arabako Kuadrillako bertso egunak. Gasteizen ostegunean, Izarran ostiralean eta Argantzunen larunbatarekin burutuko dira azken bertso egunak.

Arabako Kuadrillako azken bertso egunak Gasteiz, Izarra eta Argantzunen izango dira - Gehiago irakurri

Gasteizen aurkeztu da 2025eko Arabako Bertso Kuadrilla artekoa

Gasteizen aurkeztu da 2025eko Arabako Bertso Kuadrilla artekoa

2025/01/18

Gasteizko Amaia Zentroan elkartu dira larunbatean Arabako Bertso Kuadrilla artekoan parte hartuko duten 14 taldeetako ordezkariak. Kuadrillartekoaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa.

Gasteizen aurkeztu da 2025eko Arabako Bertso Kuadrilla artekoa - Gehiago irakurri

Fitxa

Eguna
2025/02/20
Ordua
19:00
Herria
Gasteiz
Tokia
Kutxin zehar