Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Otsailak 15, Elortza

Larunbatean giro ederrean ospatu zuten kuadrillartekoaren baitan Mendialdeko Bertso eguna, Bertsoespuela taldeak auzolanean antolatutako jaialdia. Jaialdia goizean-goiz hasi zen mendi buelta batekin, eta nagusiei poteatzeko aukera luzatu zitzaien bitartean, gaztetxoagoek Maeztuko herritik zehar pista-joko batean parte hartu zuten.

Poteoan zehar Mendialdeko zein Arabako eta Euskal Herriko beste herri batzuetatik etorritako bertsolariak aritu ziren librean, eta dena ezin denez bertsoa izan, kantaldiak ere egin ziren asteburuko giro eguzkitsuak lagunduta.

3 t’erdiak aldera heldu zen bazkarirako garaia, eta Maeztu utzirik Elortzako Lurkoitarren etxera mugitu ziren bertaratutako bertsozaleak. Bertan babarrunak sakramentuekin izan zituzten gosearen sendagai eta musikaz giroturik zein aldarte alaiz burutu zen bazkaria.

Bazkalostean, bertsoetarako garaia helduta, kantatzeari ekin zioten mikroa hartzeko gogoz zebiltzan bolondresek eta koplaka, ofizioka eta rapeatzen ibili ziren Mirianen gidaritzapean. Azkenean, eguna borobiltzeko, mikrofono librean aritu zen nahi izan zuen orok eta kantu artean amaitu zen eguna.

Argazkiak

Argazki gehiago

Fitxa

Eguna
2025/02/15
Ordua
12:00
Herria
Elortza
Tokia
Lurkoi