Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Otsailak 14, Gasteiz

Hona hemen saio bakoitzaren talde antolatzailearen kronikagileek bidalitakoa:

Inkonstantikoplan potoz poto eta Pinto pintto taldeak:

La Teja tabernatik abiatu zuten bertso poteoa Pinto Pintto eta Inkonstantinkoplan potoz poto taldeek.  Tantaka  heldu ziren bertsolari eta lagunak, 20 lagun inguruko taldetxoak terrazaren zati handi bat bereganatu arte. Xabier Antiaren “zein da plana?” galderari ziurtasunez erantzun zion taldeak “koplatan hasi!”.

Amaia Iturriotzek eta Paula Amilburuk argi zuten zetorrenak mereziko zuela: “…originala gaurko plana ostiral gau baterako” eta “…uste dut izango dela elkar-ekintza polita…”. Umbralight jaialdiko argien disdirak eta eguraldiak lagundu zuten gainera. Hori bai, blai eginda bukatu zuen taldeak, baina ez euriz, Antiak kantatu bezala: “…zalantzarik gabe esan dezaket bertsoz bustiko garela”.

Gerezti Unanuek umorez deskribatu zuen hasierako egoera “…bertso-poteoa baino gehiago hau dugu bertso-sentada”. Santa Agedako makila, Zeledon edota Trump protagonista  izanik, asmakizun-bertsoen txanda izan zen ostean, hortarako bertsolariak aulkien jolasera ere aritu zirela bertso-hirukote desberdinak osatzeko.

Ainhoa Aizpuruak mugimendurako deia egin zuenean abiatu zen taldea hurrengo geltokira, Abuelo tabernara “…bertsorik ez da faltako eta has dadila poteoa!”. Aratz Ortiz de Elgea eta Maddi Juaristi aritu ziren gai-jartzaile lanetan bertsolariak mundu ikuskera desberdineko gazteen azalean jarriz, “dut, det, dot” hizkeren jabe eginez eta baserria, pisua eta karabana balira kantuaraziz. Besteak beste, Eli Zalduak irribarre batzuk lapurtzea lortu zuen “nahiz eta ditudan familiar giputxi batzuk, nahiago dut batua eta esango dut dut” botatzean. Handik igarotako espontaneo bat harrituta azaldu zen gero eta handiagoa zen taldearekin, lotsarik gabe “esto que es pues, ¿una asamblea?” galdetzeraino.

Ttipia tabernan eman zitzaion segida festari. Inkonstantinkoplaneko kideek ezinhobeto defendatu zuten bertan euren taldeko esentzia: melismarik gabeko mundua hobea dela, potoz-poto ibiltzea ez dela oztopo…  Joseba Llordén taldekideak “maitasunaren egunerako” hitzak ere izan zituen “San Valentin eguna eta gu bertsotan, ospatzeko egin beharko txortan”. Publikoari asmakizunetan aritzeko hitz bat eskatuta, “paralelepipedo” bota zuen batek, eta Amilburuk gorriak pasa zituen arren, asmatu ere egin zuen. Ekaitz Samaniegok ez zuen galdu Araba goratzeko aukerarik hitz jokoa baliatuz hortarako: “Ttipian baino handi Arabarrak kontuz” eta Oier Lakuntzak ateak ireki zizkion gero-gerokoak-i: “orain bertsotan eta gero igual parrandan”. 

Ttipiatik Gautoxori elkarterako bidea hartu zuten afari kolaboratiboari hasiera emateko.

Argazkiak

Argazki gehiago

Albisteak

Kuadrillartekoaren hirugarren astean Legutio, Gasteiz eta Elortzan burutuko dira Kuadrillako bertso egunak

Kuadrillartekoaren hirugarren astean Legutio, Gasteiz eta Elortzan burutuko dira Kuadrillako bertso egunak

2025/02/12

Hirugarren astebukaeran beste hiru herri eta eskualde izango dira Arabako Kuadrillako bertso egunak biziko dituztenak. Legution eta Gasteizen izango dira ostiralekoak eta larunbatean Elortzan.

Kuadrillartekoaren hirugarren astean Legutio, Gasteiz eta Elortzan burutuko dira Kuadrillako bertso egunak - Gehiago irakurri

Gasteizen aurkeztu da 2025eko Arabako Bertso Kuadrilla artekoa

Gasteizen aurkeztu da 2025eko Arabako Bertso Kuadrilla artekoa

2025/01/18

Gasteizko Amaia Zentroan elkartu dira larunbatean Arabako Bertso Kuadrilla artekoan parte hartuko duten 14 taldeetako ordezkariak. Kuadrillartekoaren zortzigarren edizioa izango da aurtengoa.

Gasteizen aurkeztu da 2025eko Arabako Bertso Kuadrilla artekoa - Gehiago irakurri

Fitxa

Eguna
2025/02/14
Ordua
19:00
Herria
Gasteiz
Tokia
La Teja taberna