Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Otsailak 11, Murgia

Gorbeialdeko Gorbeialdea eta Gasteizko Bertxilika:

Neguko eguerdiak hotzak izaten dira Murgian, Gorbeiaren magalean. Hiruzpalau gasteiztarrek
asteburuko bisita egin eta ogia erosi eta, bestela, hotzak besterik ez ditu betetzen herriko
kaleak. Gaur, ordea, uste gabeko jende multzoa bilduta dago Gaztetxe parean. Atearen
bestaldean, kalabaza purea eta txahal-masaila dituzte zain. Gorbeialdeko ez gazteen taldeak
gaztetxera sartzera gonbidatu ditu bertaratuak eta, nola ez, Gasteizko Bertxilika taldea. Euren
inpuntualtasunean puntual, bertso-bazkaria ia ordu bietan hasi da.

Tripa beteta eta kafea eskuan ekin diote bertso-saioari. Gorbeialdeko taldeak harritu gaitu
marrazki bizidunen inguruko agurrarekin: “patrulla canina”, doraemon, pipi galtzaluze, heidiren
aitona… Bertxilikaren erantzuna argia izan da: Gorbeialdeko taldea zaharra da, eta zalantzan
jarri dute hori abantaila denik. Gorputza ere berotu dute haien dantza pausuez, Serapioren
bertsoek argi utzi baitziguten bere garaian giharrak berotu behar direla, baina taldeak
gogorarazi digu ahotsa berotzea interesgarriagoa izan daitekeela bertsotarako.

Agurren ostean, Olatzen gaiekin horniturik, zortziko nagusiarekin hasi dira Eukene eta Manu.
Gorbeialdean eraiki nahi omen den parke eoliko baten harira, posizio kontrajarrietatik aritu dira
sakonki. Zortziko txikirako Maddik eta Unaik aburgesatutako bi lagun iraultzaile ohiren arteko
solasaldia izan dute gaitzat, umore finez heldu diotelarik.

Lau oinekin Aitor eta Samu aritu dira, eta bukaera emanda, aldiz, Hegoi eta Aitor. Hirurek bete
dituzte ederki kontrako taldeak emandako bertso zatiak. Puntu erantzunetan ere Aroak eta
Serapiok iraganari eta etorkizunari erreferentzia eginez osatu dituzte bertsoak, Armentiako
harrobia goraipatuz.

Saioarekin jarraitzeko, Gorbeialdeko bertsolariak kartz... ganbarara bidali dituzte, eta
Bertxilikako Hegoi, Aroa eta Samuk mozorroen bidez heldu diote inauterien inguruko gaiari
puntukako ariketan. Luzeegia egin zaigun itxaronaldiaren ostean agertu dira berriz oholtzan
Rikardo, Serapio eta Unai. Azkenik, trikitilari eta pandero-joleaz lagundurik eta egundasanti
doinuan aritu dira koplatan, Serapio, Rikardo eta Manu alde batetik, eta Maddi, Eukene eta
Aroa bestetik. Bi taldeek eutsi diote elkarri umoretik, elkarri erreferentzia eginez eta saioan
zehar gertatutakoak gogoratuz.

Saioa amaitzeko Txomin, Patxi eta Mikel epaileek epaitu beharrekoa epaitu eta epaia oholtzara
ekarri digute. Epaia “pa allá” joan da, Bertxilikako talde gonbidatuari garaipena eta hurrengo
faserako txartela emanez. Saio eder honekin eman diogu amaiera egunari eta Kuadrillartekoko
fase honi, joan dena entzun izanaz pozik eta etorriko dena entzuteko gogoz.

Argazkiak

Argazki gehiago

Albisteak

Lehen faseko azken saioak Aramaio, Murgia eta Korresen jokatuko dira

Lehen faseko azken saioak Aramaio, Murgia eta Korresen jokatuko dira

2023/02/09

Arabako bertso Kuadrilla artekoaren lehen fasea larunbatean amaituko da. Norgehiagokak Aramaion hasiko dira ostiralean, bi saio jokatuko dira bata afal aurretik eta bestea ostean. Zapatuan bi bertso bazkari bata Murgian eta bestea Korresen.

Lehen faseko azken saioak Aramaio, Murgia eta Korresen jokatuko dira - Gehiago irakurri

Maeztun abiatu da Arabako bertso kuadrilla arteko txapelketa

Maeztun abiatu da Arabako bertso kuadrilla arteko txapelketa

2023/01/14

Maeztun elkartu ziren larunbatean Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketan parte hartuko duten bat-bateko taldeen ordezkariak. Maeztun aurkeztu dute Kudrillek eta Arabako Bertsozale Elkarteak txapelketaren zazpigarren edizioa. Guztira 280 parte hartzailetik gora.

Maeztun abiatu da Arabako bertso kuadrilla arteko txapelketa - Gehiago irakurri

Fitxa

Eguna
2023/02/11
Ordua
14:00
Mota
Final laurdenak
Herria
Murgia
Tokia
Zuiako gaztetxea