Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Aramaion jokatutako 2. finalerdian Pinto pintto talde gasteiztarra izan da irabazle

2025/03/09
Arabako bertso Kuadrillartekoko bigarren fase lehiatuan murgilduta, igandean jokatu da 2. finalerdia Aramaion. Aramaioko Izena pentsau bida 2 taldea, Arabar Errioxako Txandrio eta Gasteizko Inkonstantikoplan potoz poto eta Pinto pintto taldeak aritu dira lehian. Txandrio izan da goizeko garaile eta Pinto pintto arratsekoan, eta duelua ostean Pinto pintto izendatu dute finalerdiko irabazle. Beraz apirilaren 5ean jokatuko den finalak badu bigarren talde lehiakidea.

Kuadrilla artekoa, bertso eskolen artekoa, herriko eta eskualdeko taldeen artekoa da, lagun artekoa. 2. finalerdi honetan ere giroa bikaina izan da eta ez da umorea eta txispa falta izan. 4 talderen artekoa jokoan, finalean 4 horietatik nor arituko.

Goizean Arabar Errioxako Txandrio eta etxeko Izena pentsau bida 2 taldeen artekoa jokatu da eta Txandriotarrek egin dute aurrera. Kantatu duten Txandriotarrak Orlando Arreitunandia, Beñat Otamendi eta Eñaut Insaustieta izan dira eta Izena pentsau bida 2 taldeko partaideak Manex Agirre, Gari Arexolaleiba, Aitor Ugarte, Eñaut Olaziregi eta Iraide Onaindia izan dira kantuan.

Bazkalosteko saioan Inkonstantikoplan potoz poto taldeko Ainhoa Aizpurua, Gerezti Unanue, Julen Martiartu, Oier Lakuntza eta Joseba Llordén  eta Pinto pintto taldeko Paula Amilburu, Xabier Antia, Eli Zaldua, Amaia Iturriotz eta Ekaitz Samaniego aritu dira. Bigarrenak izan dira epaileen aldetik puntu gehien jaso duen taldea. 

Bigarren saioren ostean duelu azkarra izan da, bertsoak eta puntuak atera eta jaurti. Azken bi ariketa hauetan puntu gehin metatu duen taldea Pinto pintto izan da eta beraz 2. finalerdiko garaile eta finaleko bigarren talde finalista era bada. 

Gai jartzaile lanetan goizeko saioan Peru Abarrategi aramaiorra aritu da eta arratsaldeko saioan Pinto pintto taldeko Maddi Lahidalga eta Irati Fernandez de Okariz. Saioak 5  epailek baloratu dituzte: Inkonstantikoplan potoz poto taldeko Haizea Garcia,  Txandrio taldeko Mikel Fernandez de Arroiabe, Izena Pentsau bida 2 taldeko Iker Elexpuru, Pinto Pintto taldeko Maria Izaga eta Arabako Bertsozale Elkartearen izenean Fernando Sopelana. 

Talde bakoitzaren agur kolektiboaren ondoren, bertsolariek hainbat ariketa kolektibotan aritu behar izan dute: atzekoak aurrekoari, ofiziotan 8ko txikian, 4 oinak, potokumeak, asmakizunak koplaka eta puntuka librean. Dueluan 3na puntu erantzun egin behar izan dituzte eta zortziko handian 3 poltsatatik ateratako pertsonai, kokalekua/kontestua eta objektuarekin ipuin bat osatu behar izan dute taldeko hiru kideren artean. 

Epaimahaiak erabakita Pinto pintto  taldea arituko da finalean. Sailkatzen den bigarren taldea da. Aramaioko finalaurrekoaren argazkiak hemen ikusgai.

Hurrengo bi asteburutan jokatuko dira hurrengo bi finalaurrekoak, Amurrion eta Gillernan. Saio horietatik talde bana sailkatu da, izan ere, finala 4 taldeen artean jokatuko da goizean zehar eta bazkalostean goizean sailkatutako bi talderen arteko finala izango da.

Finala, apirilaren 5ean, egun osoko festaren inguruan izango da Gasteizen.

Finalerdi eta finaleko otorduetako tiketak bertsosarrerak webgunean eskuragarri daude.