Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Arabako Kuadrillako azken bertso egunak Gasteiz, Izarra eta Argantzunen izango dira

2025/02/20
Kuadrillartekoa hasi zenetik laugarren astearekin batera azken hiru herri eta eskualdetan izango dira Arabako Kuadrillako bertso egunak. Gasteizen ostegunean, Izarran ostiralean eta Argantzunen larunbatarekin burutuko dira azken bertso egunak.

Eta heldu da lehen fasearen, Arabako bertso Kuadrillen bertso egunen azken txanpa. Datozen egunetan emango zaio jarraipena 2025eko Arabako Bertso Kuadrillartekoari, kuadrilla eta herri ezberdinetan burutuko diren Kuadrillako bertso egunak. Hauexek:

  • KUADRILLAKO BERTSO EGUNA, GASTEIZ 3: Otsailak 20, osteguna, 19:30ean bertso poteoa Hala Bedin hasita. Gorringo (Gasteiz)
  • KUADRILLAKO BERTSO EGUNA, GORBEIALDEA 4: Otsailak 21, ostirala, 17:30ean bertsotxokolatada Izarrako plazan. Izarrako bertso eskolako gaztetxeokin batera. Arlobiko bardoak (Zuia-Urkabustaiz)
  • KUADRILLAKO BERTSO EGUNA, TREBIÑU: Otsailak 22, larunbata, 12:00etan Txangoka dantza taldearen emanaldia Argantzungo plazan, ondoren bertso-kantu herrian zehar.  15:00etan bertso-bazkaria Argantzun Elkartean. Jainkoaren seme-alabak (Trebiñu)
  •  

2025eko Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketa urtarrilaren 22an abiatuko da eta apirilaren 5ean bukatuko da, Gasteizen. 

Kuadrillartekoarekin Arabako bertso mugimendua bultzatu, indarberritu eta ikusarazi nahi da. Parte hartzaile guztien txapelketa izango da hau, lehia baino gehiago, gozamena izango du ardatz.

Arabako Bertsozale Elkartearen funtzioa koordinazio orokorra eta saretze lana izango da. Antolatzaileak txapelketan parte hartuko duten 14 taldeak dira. Bertsogintzako arlo teknikoan Arabako gai jartzaile taldea, epaile taldea eta Elkarteko lan taldearen laguntza izango dute.

Talde bakoitzak hamaika partaide izango ditu: gai jartzailea, epailea, hiru-sei bertsolari, kronikagilea, argazkilaria, grabatzailea...

Kuadrillartekoak bi fase izango ditu:

  • KUADRILLAKO BERTSO EGUNAK: Urtarrila eta otsailean zehar, parte hartuko duten 14 taldeek bere herri edo eskualdean antolatu dute bertso emankizun bat herri edo eskualdeko bertso eskola edota beste eragile batzurekin batera. Formatu ezberdinetako saioak izango dira hauek, otordu bueltakoak, poteoak, txokolatadak, olinpiadak, musikaz lagunduak, sortak… orotarikoak. Hau izango da aukerarik herrikoiena, edozein kolektibok parte har dezakeena, musikariak, lagun kuadrillak, mintzalagun taldeak….
  • LEHIA: 4 finalaurreko eta 4 taldeko finala
  • Finalaurrekoak: otsailaren 28an Narbaizan, martxoaren 9an Aramaion, martxoaren 15ean Amurrion eta martxoaren 23an Gillernan izango dira. Bakoitzean hiru edo lau talde ariko dira  eta finalaurreko bakoitzaren irabazlea sailkatuko da finalera.
  • Finala: Apirilaren 5ean, finala jokatuko da, Gasteizen. Egun horretan eguerditik arituko dira kantuan 4 taldeak Gasteizko kaleetatik, bazkaria eta ondoren bi onenen arteko finala jokatuko da.  Puntuazio handiena lortzen duena izango da 2025ko Arabako Kuadrilla artekoaren irabazle.