Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Kuadrillartekoaren hirugarren astean Legutio, Gasteiz eta Elortzan burutuko dira Kuadrillako bertso egunak

2025/02/12
Hirugarren astebukaeran beste hiru herri eta eskualde izango dira Arabako Kuadrillako bertso egunak biziko dituztenak. Legution eta Gasteizen izango dira ostiralekoak eta larunbatean Elortzan.

Otsailak aurrera egiten duen heinean Kuadrillartekoak ere aurrera egiten du. Datozen egunetan emango zaio jarraipena 2025eko Arabako Bertso Kuadrillartekoari, kuadrilla eta herri ezberdinetan burutuko diren Kuadrillako bertso egunak. Hauexek:

  • KUADRILLAKO BERTSO EGUNA, GORBEIALDEA 3: Otsailak 14,ostirala, 17:30ean bertso saioa Legutioko Kultur Etxean. Legutioko bertso eskolako gaztetxeokin batera. Aramaixoko taleuk (Aramaio)
  • KUADRILLAKO BERTSO EGUNA, GASTEIZ 2: Otsailak 14, ostirala, 19:00etan bertso poteoa La Teja tabernatik hasita, ondoren 21:30ean bertso afaria, Gasteizko Gautxori Elkartean. Pinto pintto (Gasteiz) eta Inkonstantinkoplan potoz poto (Gasteiz)
  • KUADRILLAKO BERTSO EGUNA, MENDIALDEA: Otsailak 15, larunbata, 11:00etan mendi buelta Maeztuko frontoitik hasita, 13:00etan Bertso poteoa Maeztun, 15:00etan bazkaria Elortzako Lurkoi etxean eta ostean bertso jolasak, bertso tribial, mirkrofono irekia eta 19:00etan Altxa Kopla saio musikatua. Bertsoespuela (Mendialdea)
  •  

2025eko Arabako Bertso Kuadrillarteko Txapelketa urtarrilaren 22an abiatuko da eta apirilaren 5ean bukatuko da, Gasteizen. 

Kuadrillartekoarekin Arabako bertso mugimendua bultzatu, indarberritu eta ikusarazi nahi da. Parte hartzaile guztien txapelketa izango da hau, lehia baino gehiago, gozamena izango du ardatz.

Arabako Bertsozale Elkartearen funtzioa koordinazio orokorra eta saretze lana izango da. Antolatzaileak txapelketan parte hartuko duten 14 taldeak dira. Bertsogintzako arlo teknikoan Arabako gai jartzaile taldea, epaile taldea eta Elkarteko lan taldearen laguntza izango dute.

Talde bakoitzak hamaika partaide izango ditu: gai jartzailea, epailea, hiru-sei bertsolari, kronikagilea, argazkilaria, grabatzailea...

Kuadrillartekoak bi fase izango ditu:

  • KUADRILLAKO BERTSO EGUNAK: Urtarrila eta otsailean zehar, parte hartuko duten 14 taldeek bere herri edo eskualdean antolatu dute bertso emankizun bat herri edo eskualdeko bertso eskola edota beste eragile batzurekin batera. Formatu ezberdinetako saioak izango dira hauek, otordu bueltakoak, poteoak, txokolatadak, olinpiadak, musikaz lagunduak, sortak… orotarikoak. Hau izango da aukerarik herrikoiena, edozein kolektibok parte har dezakeena, musikariak, lagun kuadrillak, mintzalagun taldeak….
  • LEHIA: 4 finalaurreko eta 4 taldeko finala
  • Finalaurrekoak: otsailaren 28an Narbaizan, martxoaren 9an Aramaion, martxoaren 15ean Amurrion eta martxoaren 23an Gillernan izango dira. Bakoitzean hiru edo lau talde ariko dira  eta finalaurreko bakoitzaren irabazlea sailkatuko da finalera.
  • Finala: Apirilaren 5ean, finala jokatuko da, Gasteizen. Egun horretan eguerditik arituko dira kantuan 4 taldeak Gasteizko kaleetatik, bazkaria eta ondoren bi onenen arteko finala jokatuko da.  Puntuazio handiena lortzen duena izango da 2025ko Arabako Kuadrilla artekoaren irabazle.