Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Giro paregabean eta eguraldia lagun izan dute Kuadrillek hirugarren asteburuan

2025/02/19
Hirugarren astean Kuadrillako bertso egunak Gasteiz, Gorbeialdea eta Mendialdean gauzatu dira. Ostiralean Legution eman zitzaion hasiera asteburuari, Gasteizen afari bueltan aritu ziren bi taldek antolatutako bertso egunean eta larunbatean egun osoko egitaraupean borobildu zuten asteburua Maeztu eta Elortzan.

Saio hauetako informazio gehiago beheko loturetan (kronika, argazkiak...):

Otsailak 14, Gorbeialdea, Legutio, Kuadrillako bertso eguna, Aramaixoko taluek (Aramaio)

Otsailak 14, Gasteiz Kuadrillako bertso eguna, Inkonstantikoplan potoz poto eta Pinto pintto (Gasteiz) 

Otsailak 15, Mendialdea, Maeztu-Elortza, Kuadrillako bertso eguna, Bertsoespuela (Mendialdea)

 

Hona hemen saio bakoitzaren talde antolatzailearen kronikagileek bidalitakoa:

Aramaixoko taluek:

GIRO GOXOA LEGUTIOKO KULTUR ETXEAN:

Otsailaren 14an, bariku arratsaldean, gerturatzera animatu zirenek, bertso saio alai bat entzuteko aukera izan zuten Legutioko kultur etxeko aretoan. “Aramaixoko taluek” taldeak antolatutako bertso eguna izan zen horretarako aitzakia; baina Legutioko bertso eskolako gaztetxo eta haurrek lagunduta aritu ziren kantuan kuadrillartekoan parte hartuko duten partaideak.

Anitz Abarrategi, Txomin Abarrategi, Hegoi Azkarate, Andere arriolabengoa eta Peru Abarrategi taldekideek (Sabin Abarrategi azken taldekidea Baionan abestu beharreko saioren batean galduta zegoen artean), “Aramaixoko taluek ” taldea osatuz ekin zioten saioari. Legutioko bertso eskolako haur eta gazteek saio bikaina osatu zuten, Unai Anda artzainaren idaritzapean. Fin aritu ziren helduekin ofiziotan, beraien artean koplatan, haien gurasoen begiradapean eta Martin Abarrategi saioko gai-jartzaileak lagunduta.

Denetariko gaiak entzun ziren baina beti zeukaten Aramaio eta Legutioko biztanleen arteko pikearekin zerikusia: Bi herri horietako pistina faltak eta herri bien inguruan kokatzen den urtegiak hartu zuen saioaren protagonismo nagusia, udako plan ederrak antolatu zituzten bertsolariek urtegiaren bueltan.
Saio ederraz gozatu zuten ikustera etorri ziren gaztetxo eta gaztetxoen gurasoek.

Saioaren ale eder batzuk puntu-erantzunetan eta nagusiek haurrekin partekatutako ofizioetan entzun genituen, plazer handia izan zen hain gertu dauden bi herrietako, adin ezberdinetako bertsolariak elkarrekin kantuan ikustea. Espero dezagun elkarlan honen hasiera besterik ez izatea.

 

Inkonstantikoplan potoz poto eta Pinto pintto taldeak:

La Teja tabernatik abiatu zuten bertso poteoa Pinto Pintto eta Inkonstantinkoplan potoz poto taldeek.  Tantaka  heldu ziren bertsolari eta lagunak, 20 lagun inguruko taldetxoak terrazaren zati handi bat bereganatu arte. Xabier Antiaren “zein da plana?” galderari ziurtasunez erantzun zion taldeak “koplatan hasi!”.

Amaia Iturriotzek eta Paula Amilburuk argi zuten zetorrenak mereziko zuela: “…originala gaurko plana ostiral gau baterako” eta “…uste dut izango dela elkar-ekintza polita…”. Umbralight jaialdiko argien disdirak eta eguraldiak lagundu zuten gainera. Hori bai, blai eginda bukatu zuen taldeak, baina ez euriz, Antiak kantatu bezala: “…zalantzarik gabe esan dezaket bertsoz bustiko garela”.

Gerezti Unanuek umorez deskribatu zuen hasierako egoera “…bertso-poteoa baino gehiago hau dugu bertso-sentada”. Santa Agedako makila, Zeledon edota Trump protagonista  izanik, asmakizun-bertsoen txanda izan zen ostean, hortarako bertsolariak aulkien jolasera ere aritu zirela bertso-hirukote desberdinak osatzeko.

Ainhoa Aizpuruak mugimendurako deia egin zuenean abiatu zen taldea hurrengo geltokira, Abuelo tabernara “…bertsorik ez da faltako eta has dadila poteoa!”. Aratz Ortiz de Elgea eta Maddi Juaristi aritu ziren gai-jartzaile lanetan bertsolariak mundu ikuskera desberdineko gazteen azalean jarriz, “dut, det, dot” hizkeren jabe eginez eta baserria, pisua eta karabana balira kantuaraziz. Besteak beste, Eli Zalduak irribarre batzuk lapurtzea lortu zuen “nahiz eta ditudan familiar giputxi batzuk, nahiago dut batua eta esango dut dut” botatzean. Handik igarotako espontaneo bat harrituta azaldu zen gero eta handiagoa zen taldearekin, lotsarik gabe “esto que es pues, ¿una asamblea?” galdetzeraino.

Ttipia tabernan eman zitzaion segida festari. Inkonstantinkoplaneko kideek ezinhobeto defendatu zuten bertan euren taldeko esentzia: melismarik gabeko mundua hobea dela, potoz-poto ibiltzea ez dela oztopo…  Joseba Llordén taldekideak “maitasunaren egunerako” hitzak ere izan zituen “San Valentin eguna eta gu bertsotan, ospatzeko egin beharko txortan”. Publikoari asmakizunetan aritzeko hitz bat eskatuta, “paralelepipedo” bota zuen batek, eta Amilburuk gorriak pasa zituen arren, asmatu ere egin zuen. Ekaitz Samaniegok ez zuen galdu Araba goratzeko aukerarik hitz jokoa baliatuz hortarako: “Ttipian baino handi Arabarrak kontuz” eta Oier Lakuntzak ateak ireki zizkion gero-gerokoak-i: “orain bertsotan eta gero igual parrandan”. 

Ttipiatik Gautoxori elkarterako bidea hartu zuten afari kolaboratiboari hasiera emateko.

 

Bertsoepuela:

Larunbatean giro ederrean ospatu zuten kuadrillartekoaren baitan Mendialdeko Bertso eguna, Bertsoespuela taldeak auzolanean antolatutako jaialdia. Jaialdia goizean-goiz hasi zen mendi buelta batekin, eta nagusiei poteatzeko aukera luzatu zitzaien bitartean, gaztetxoagoek Maeztuko herritik zehar pista-joko batean parte hartu zuten.

Poteoan zehar Mendialdeko zein Arabako eta Euskal Herriko beste herri batzuetatik etorritako bertsolariak aritu ziren librean, eta dena ezin denez bertsoa izan, kantaldiak ere egin ziren asteburuko giro eguzkitsuak lagunduta.

3 t’erdiak aldera heldu zen bazkarirako garaia, eta Maeztu utzirik Elortzako Lurkoitarren etxera mugitu ziren bertaratutako bertsozaleak. Bertan babarrunak sakramentuekin izan zituzten gosearen sendagai eta musikaz giroturik zein aldarte alaiz burutu zen bazkaria.

Bazkalostean, bertsoetarako garaia helduta, kantatzeari ekin zioten mikroa hartzeko gogoz zebiltzan bolondresek eta koplaka, ofizioka eta rapeatzen ibili ziren Mirianen gidaritzapean. Azkenean, eguna borobiltzeko, mikrofono librean aritu zen nahi izan zuen orok eta kantu artean amaitu zen eguna.