Giro bikainean igaro da Kuadrillartekoaren bigarren asteburua
Saio hauetako informazio gehiago beheko loturetan (kronika, argazkiak...):
Otsailak 7, Gorbeialdeako Kuadrillako bertso eguna 2, Izena Pentsau bida 2 (Aramaio)
Otsailak 7, Lautada, Kuadrillako bertso eguna, Agurain, 4 gara (Lautada)
Otsailak 8, Añana, Kuadrillako bertso eguna, Kuartango, Ganbarakoak (Añana)
Hona hemen saio bakoitzaren talde antolatzailearen kronikagileek bidalitakoa:
Izena Pentasu bida 2:
JOLAS-GIRO EDERRA SASTIÑAN
Otsailaren 7an, bariku iluntzean, ordu horretan ohikoa den poteoari atsedena eman zioten 50 bat entzulek leporaino bete zen Aramaioko Sastiña aretoa. “Izena pentsau bida 2” taldeak antolatutako bertso eguna izan zen horretarako aitzakia; baina taldekideak ez ziren bertsotan aritu ziren bakarrak izan.
Iraide Onaindia, Gari Arexolaleiba, Eñaut Abarrategi eta Manex Agirre taldekideekin batera (Aitor Ugarte auskalo ze mendi puntatara joana zen), “Izena pentsaute dau” taldeak ere hartu zuen parte saioan. Aramaioko bertso eskolako txikiek saio bikaina osatu zuten, Peru eta Martin Abarrategi artzainen gidaritzapean: Galder Ibarguren, Argi Abarrategi, Paule Davila, Ur Agirre, Xune Agirre, Oxanda Orobengoa, Illare Agirre eta Nerea Kortabarria fin aritu ziren helduekin ofiziotan, puntuak jartzen… eta bukaeran baita librean ere.
Olatz Zuazubiskar gai-jartzaileak denetariko gaiak jarri zituen: Londresera kontzertu bat ikustera joateko aukera eman zien parte-hartzaileei, musika-eskolan gitarra eta pianoa jotzen aritzekoa ere bai… Baina, denaren gainetik, txikiek helduei adarra jotzeko zeukaten gogoa nagusitu zen. Saio ederraz gozatu zuten ikustera etorri ziren adin guztietako bertsozaleek.
Saioaren laburpen ona izan daiteke “Izena pentsaute dau” taldeak “Izena pentsau bida 2” taldeari kantatutako agur elegantea. Hona hemen:
Estribilloa:
Zuek baino hobeak
Gara gu gehiago
Eta gure izena
Pentsatuta dago
1
Gaur ostirala da ta
Guk dugu pereza
Zuen izena baita
Txarra ta traketsa
Izena da kutrea
Nolako sorpresa
Zuei irabaztea
Dena da erreza
2
Manex zu zara bertso
Eskolako aita
Eta guztiok gaude
Bai zuri jarraika
Gari zure ikasleak
Problemak hamaika
Ezer pentsatu gabe
Hau hobea baita
3
Iraide eta Eñaut
Gure enanoenak
Nahiz ta txikiak izan
Zarete onenak
Sortuko dituzue
Asko bai problemak
Ta ez zarete inoiz
Izango txarrenak
4 gara:
ARABAKO BERTSO KUADRILLA ARTEKOA 2025, AGURAIN 2025/02/07
Aguraingo Latsarri gaztetxean ospatu zuen 4gara taldeak Lautadako Kuadrillarteko Bertso Eguna. Lautadako bertsolariekin batera Ekaitz Samaniego eta Paula Amilburu bertsolari gonbidatuek abestu zuten.
Arratsalde partean eman zitzaion hasiera egitasmoari, izan ere, gaztetxekideak batu eta afaria prestatzeari ekin zioten. Hotzari aurre egiteko menu ederra; txorizo egosia, saiheskia patatekin eta postrerako gazta eta irasagarra. Lanak erdi prest utzita eta elurrak lehenengo malutak botatzearekin batera, bertso eskolako kideak trago baten eske abiatu ziren, bertsolari gonbidatuak noiz helduko zain. Behin egunean jarrita, gaztetxera lekualdatu zen taldea, barrenak ondo betetzeko helburuarekin.
Mahai inguruko saioa izan zen ostiralekoa; gertukoa eta goxoa. Lautadako bertso eskolaren izenean Aitor Najerak, Jon Ruiz de Pinedok, Markel Yollerrek eta Oier Arbinak abestu zuten, beraz, orotara 6 bertsolari egon ziren kantuan.
Bertsolariek egin zituzten lanak anitzak izan ziren: ofizioak, aurrekoak atzekoari eta librean tarteko. Saio ez oso luzea, baina dibertigarria izan zen. Jorraturiko gaiak ere askotarikoak izan ziren; espero ez ziren herentziak, asteroideak, turista bat gaztetxean, Errioxako ardo faltsuak eta gaztetxeko egunerokotasunaren ingurukoak tarteko.
Behin bertso saioa bukatuta, eta partaideak trago bat eskutan zirela, gaztetxeko bi kide barran bertan aritu ziren bertso bat prestatzen, inor konturatu gabe. Bertso hori abestuz eman zitzaion bukaera Kuadrillarteko Lautadako Bertso Egunari.
Ganbarakoak: