Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Gasteizko Pinto pintto taldea garaitu da Kuadrillartekoan

2025/04/05
Urtarrilaren 18an hasitako 2025ko Arabako bertso Kuadrilla artekoa amaitu da gaur, 14 bertso egun eta 4 finalerdiren ostean helmugara heldu da larunbatean ospatutako finalarekin. Bat bateko 14 talde izan dira eta talde bakoitza hamaika lagunez osatua egon da.

Gasteizen eman zaio amaiera aurtengo Kuadrillartekoari, finala eta jai eguna izan da. Taldeetako parte hartzaileak eta taldeetako lagunak 4 talde finalisten bertsoaldiak plazaz plaza entzuteko prest gerturatu dira hiriburura. Egun polit bat bertso eskola eta eskualde ezberdinetako kideek elkarrekin pasatzeko aitzakia, Kuadrillartekoa. 

Eskibel jauregiko plazan, euskaldun berriaren plazan hasi dira agurrarekin finalaurrekoa kantatzera zetozen lau taldeak,  Lautadako 4 gara, Gasteizko Pinto pintto, Aiaraldeko Altubepekoak eta Gorbeialdeko Arlobiko bardoak. Talde bakoitzak beretik zekarrena emateko asmoz. 

Hainbat plaza eta bertso lan burutu ostean epaileen erabakiz Arlobiko bardoak eta Pinto pintto taldeak izan dira bazkalosteko finalera pasa direnak.

Bazkari ostean, 16:30ak pasatxo eman zaio hasiera final handiari. Bertsolariak jangelara sartu aurretik, kuadrillartekoaren sintonia eta 110  bat lagun saioko ale ederrak entzuteko gogoz. Dena prest final handirako, Eli Plazaola aurkezlearen ahotsak entzun orduko bertaratu dira 9 bertso lagunak, Arlobiko bardoak eta Pinto pintto taldeetako kideak.

Kantuan aritutakoak  Pinto pintto  taldeko Ekaitz Samaniego, Eli Zaldua, Xabier Antia, Paula Amilbiru eta Amaia Iturriotz. Gorbeialdeko taldekoak Irati Anda, Manu Bendala, Gari Sarriugarte eta Aitor Jimenez.  Gai jartzen Irati Martinez eta epaitzen Ekaitz Elorriaga, Ainhoa Aizpurua, Maria Izaga, Egoitz Iradier eta Endinka Jimenez.

Aurrekoak atzekoari, zortziko handian zaio, eman hasiera saioari, ale ederrak entzun ditugu robotak bihurtutakoez eta lagun zaharrez. Makrokontzertuetaz aritu dira hamarreko txikian Eli eta Manu. Seiko motzean, ilargiaren eta eguzkiaren paperetik Xabi eta Gari. Ipuinak josten aritu dira ondoren eta azkenik ganbarako lanetan, arnesa, soka eta bizi asegurua hartuta 40. urtebetetze ospakizunean murgilduta ibili dira bertsolariek, pasadizo ezberdinak ekarri dituzte hauek gogora. Ganbarako bigarren lanean segidillan trebatu dira partaide denak. 

Opari eta oroigarri gabe ezin zen amaitu aurtengo edizioa ere eta finalean aritu diren parte hartzaileek saritxoa jaso dute, Unai Gaztelumendik egindako taldeko karikaturak izan dituzte oroigarritzat eta talde sari gisa izpuliku landarea, Arabako bertsogintzaren sustraiak errotzen ari direlako loratuko direla kimu berriak islatuz.

Beraz eskerrik asko hau dena posible egin duten babesle eta laguntzaile guztiei eta nola ez Gasteizko Udalari eguna burutzen laguntzeagatik.  

Hemen eguneko irudi batzuk.