Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Amaiera borobila izan dute laugarren astean Kuadrillartekoko bertso egunek

2025/02/25
Gasteiz, Izarra eta Argantzun izan dira protagonista laugarren eta azken Kuadrillartekoko lehen fasean, Kuadrillako bertso egunak. Gasteizen bertso poteoa izan zen ostegunean, ostiralean bertsotxokolata Izarran eta larunbatean egun osoko egitaraua antolatu zen Argantzunen, dantzak, bertso-kantu poteo eta bertso-bazkaria.

Saio hauetako informazio gehiago beheko loturetan (kronika, argazkiak...):

Otsailak 20, Gasteiz Kuadrillako bertso eguna, Gorringo (Gasteiz) 

Otsailak 21, Gorbeialdea, Izarra, Kuadrillako bertso eguna, Arlobiko bardoak (Zuia-Urkabustaiz)

Otsailak 22, Trebiñu, Argantzun, Kuadrillako bertso eguna, Jainkoaren seme-alabak (Trebiñu)

 

Hona hemen saio bakoitzaren talde antolatzailearen kronikagileek bidalitakoa:

Gorringo:

19:30etan bildu ziren Gorringoko taldekideak Hala Bedira, osteguneko lehen tragoa eta pintxoa eskuratzeko asmotan. Zenbait taldekidek kale egin bazuen ere, gogotsu iritsi ziren bertsolariak, eta behin guztiak bilduta, bertsotan hasi ziren.

Oso presente egon ziren, saio osoan zehar, bertaratu ez ziren taldekideak. “Benetan zaila bihurtu zaigu/talde osoa biltzea”, bota zuen Maddi Sarasuak, eta aurreko egunetako antolakuntza gogoan Unaik “saioa hain desastrea” ez irtetea espero zuela aipatu zuen. Hala ere, berehala indartu zuen gogoa Eukenek: “Behintzat gu laurok etorri gara/parranda denen kalera/zerbezak denok eskutan hartu/eta goazen kantatzera!”.

Lehen tragoak amaitu ostean, La Teja tabernara mugitu zen taldea, eta hor ofiziotan hasi ziren, “ze gaur egiten dugun guztiak/zehazten du gerokoa”, Maddi Agirrek agurrean bota bezala, Aramaixoko Taluen, Errexalaren eta Arlobiko Bardoen aurka jokatu beharko duten finalerdia gogoan. Maddi Sarasua eta Maddi Agirre izan ziren lehenengoak: Kuadrillako Eguneko poteoan taberna batera kantatzera joandako bi bertsolari, tabernako jendea isilarazteko estrategiak bilatzen. Falta zirenak gogoan “Aroaren ahotsa/da falta zaiguna” bota zuen Sarasuak. Agirrek, aldiz, “mikrofonotik bota/zazu ssshh handi bat” aholkatu zion, baina honek funtzionatzen ez zuela ikusirik, estrategia aldatzea planteatu zuen: “rapeatzen hastea/da beste aukera”.

Eukene eta Unai puntuka aritu ziren gaia emanda, Kuadrillartekorako taldearen izena pentsatu behar zutela aitzaki hartuta. “Jada nahastu zaigu/hiztegi guztia”, onartu zuen, desesperatuta, Eukenek, eta Unaik zera ekarri zuen gogora: “Aramaion talde bat/da izenik gabea”. Hala, ideiak botatzen aritu ziren, “beste trago batekin inspiratuta”, Eukenek esan bezala.

Gero, Kutxirako bidea berrartu zuen taldeak, eta kantuan aritu ostean, berandutzen hasi zela ikusirik, koplatan saioari bukaera eman zioten, martxoaren 23an taldeak Gillernan jokatuko duen finalerdirako indarrak gordetzeko asmoz.

 

ARLOBIKO BARDOAK IZARRAN:

Otsailak hogeita bat egun eta ostirala, Izarrako plazan Arlobiko Bardoen bertso eguna ospatzeko prestaketa lanetan eta gazte zein heldu kuriosoak galdezka “Zer egingo duzue?”. Kartelak irakurri zituzten arren bertsotxokolatada egingo genuela ziurtatzera etorri ziren batzuk. Txokolatea bañomarian dena hasi zain eta plaza pixkanaka betetzen hasi zen. Unai Gomezen hitzek eman zioten hasiera bertso egun haizetsuari, Arlobiko Bardoen arima ezkutua, ikusi ez baina sentitu egiten dena.

Unai Andaren laguntzarekin Izarrako bertso eskolako umeek eman zioten hasiera fertso-festa txikiari. Lotsak eta konplexuak gaindituz mikrofono aurrean aritu ziren Zuia-Urkabustaizko etorkizuneko bertsolariak, badator erreleboa gogotsu. Gaztetxoek kantatu bitartean txokolatea zeraman lapikoak ez zuen lortu mahairaino iristea eta lurrean amaitu zuen buruz behera. Beraz bertsoan inprobisatzeaz gai, txokolatada inprobisatzea ere tokatu zen eta hori ere dotore.

Olatzen agindupean hitzekin jolasean ibili ziren Manu Bendala, Gari Sarriugarte, Irati Anda eta Gorringoen taldeko Unai Anda. Jolasez osaturiko bertso saioa izan zen. Asmakizunak alde batetik, kolen bidez deskribaturiko marrazkia margotzen bestetik eta barrea algarak. Bertso saioari amaiera emateko habanera bi kantatzeko publikoak bertsoak idatziz jaso zituen eta denok batera kantatu zituzten. Plazan bildutako ahotsei lagunduz Izarrako euskaltegian euskara ikasten ari den Ramiroren tronpeta eta Manu Bendalaren gitarra izan ziren.

 

Trebiñuko Jainkoaren seme-alabak taldeak Argantzunen:

Horrelako egun handi batek eskatzen duenez goizean goizetik hasi zen Ritxar, Pablo, Lur, Amaia eta Aintzanek osatutako lan-ekipoa janaria eta mahaia prestatzen 40 lagunentzat Argantzun elkarte dotorean.

12:00etan herriko Txingoka Dantza Taldeak ekitaldi bikaina egin zuen. Bertsolarioi eskaini ziguten agurra ez dugu inoiz ahaztuko. Denok Txulalai dantzatzen bukatu genuen.

Ikastolako bertso taldeak gidatuta kopla ederrak kantatu genituen.

Lander gure trikitilari kuttunaren atzetik bertso-kantu poteoari hasiera eman genion. Herriko hiru tabernetatik ibili ginen herria alaitzen.

Bazkari goxoaren ostean bizpahiru kanta ezagun abestu genituen eztarria berotuz joateko, eta jarraian bi ordutako bertso saioari eman genion hasiera.

Ramiro, Maxi eta Marga gai-jartzaile bikainen gidaritzapean hainbat ariketa desberdin osatu zituzten talde anfitrioko lau bertsolariek (June, Garazi, Felipe eta Rikardo), Mendialdetik etorritakoek (Lore, Itsaso eta Txiki) eta Errexalakoek (Ander, Ainara eta Xabi).

Giroa berotzen joan ahala Xabi Riko ere animatu zen.     

Etorri ezinik geratu zen Josuk kopla batzuk bidali zituen eta Garazik kantatu zizkigun. Oso txalotua izan zen.

Gure taldeko Rafa epaileak, bere lana fin egin nahi duenez hurrengo kanporaketan, errimaz bete zuen mantela. Eskerrak paperezkoa zela! Kazetaritza eta antolaketa lanen ardura Antton, Alfredo eta Iñaki hiru txapeldunena izan zen.

Bukaeretan gertatzen denez, norbaitek galdera arriskutsu hori bota zuen: Non hartuko dugu azkena? Eta animatu ziren ausartek benetako bertso-eskola eman zuten taberna barruko epelean.