Bertsozale.eus Bertsozale Elkartea

Narbaizan jokatuko da Kuadrillartekoko lehen finalerdia, Bañera FT, Ganbarakoak eta 4gara taldeen arteko lehian

2025/02/25
Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketak bigarren faseari ekingo dio aste honetan, finalerdiak. Lehen norgehiagoka ostiralerekin izango da Narbaizan. Aramaioko Bañera FT taldea, Añanako Ganbarakoak taldea eta Lautadan bertako 4gara taldeak arituko dira kantuan. Bertan erabakiko da finalean, apirilaren 5ean, izango den lehen talde finalista.

    4 gara (Lautada)Bañera F.T. (Aramaio, Gorbeialdea) eta Ganbarakoak (Añana) taldeak izango dira aurrez aurre ostiralean, Narbaizako Elkartean. 21:00etan izango da afaria eta 22:30ean hasiko da saioa.  

    Afarirako tiketak eskurakeratzeko azken eguna otsailaren 25a izango da, 23euro eta 12 euro (18 urtetik beherakoek) www.bertsosarrerak.eus webgunean.

    Ondorengo ariketa puntugarriak egin beharko dituzte bertsolariek finalaurrekoan:

    1-Taldekako agur kolektiboa. 

    2-Aurrekoak atzekoei. Ak Bri, Bk Dri eta Dk Ari. A taldeko batek B taldeko hiruri. B taldeko batek D taldeko 3ri, D taldeko batek A taldeko 3ri. Aurrekoak 3 bertso eta atzekoek bertso bana.

    3-B taldeko batek, A eta D taldeko banarekin ofizioka zortziko txikian hiruna bertso.

    4-Talde bakoitzak, bakarka lau oinak emanda bi bertso zortziko txikian. Dk Bri, Ak Dri eta Bk Ari.

    5-Potokumeak. Gaia/objetua emanda, 8 puntuko bertso bat egin, talde bereko hiru kideren artean, bat kantuan eta bi
    oinak ematen.

    6-Asmakizuna. Koplaka, taldeko 2k beste taldeko bati pertsonai/Arabako herri/... (3 minutu).

    7-Puntuka sei bertso zortziko txikian osatu arte taldeko kide guztiak librean.  

    Urtarrilaren 22an hasi zen Arabako Bertso Kuadrillartekoa. Guztira, bat-bateko 14 taldek hartu dute parte lehen fasean,  lau astez 14 kuadrillako bertso egun antolatu dituzte. Bigarren fasean talde bakoitzak finalerdi batean parte hartuko du, lehen finalerdia Narbaizan jokatuko da, bigarrena datorren larunbatean Aramaioko herri eskolan, martxoaren 15ean Amurrioko Mendiko eskolan  eta azkena martxoaren 23an Gillernako txokoan.

    Finalaurreko saio bakoitzeko garaileak izango dira Gasteizko finalean, apirilaren 5ean, abestuko dutenak. Egun horretan eguerditik arituko dira kantuan 4 taldeak Gasteizko kaleetatik, bazkaria eta ondoren bi onenen arteko finala jokatuko da.  Puntuazio handiena lortzen duena izango da 2025ko Arabako Kuadrilla artekoaren irabazle.