Kopla eta umorea Kuadrilla artekoaren bigarren topaketan
"Aita semeak tabernan daude, ama alabak ere bai, nahiz ta agian berandu izan ez dugu etxera joan nahi". Esan eta egin. Txandriotarrak (Arabar errioxa), Aizkorak Zorroztu taldekoak(Gasteiz), Errexalakoak (Gasteiz) eta Aiaraldekoak aritu ziren elkarri zirika Arabako Bertso Kuadrillartekoaren baitan Aiaraldeko topaketan.
Laudioko tabernetan ibili ziren lehenbizi, eta Basalarrina elkartean ondoren. Aizkorak zorrotz eta umorea nagusi. Kantuan Asier Rubio, Izar Mendiguren, Irati Anda, Ander Solozabal, Jagoba Apaolaza, Felipe Zelaieta, Xabier Lopez de Santiago, Ainara Balantzategi, Orlando Arreitunandia eta Unai Bengoetxea.
Kopla saioari 16:30ean ekin zioten Basalarrinan. Txerri zozketako irabazle, zinema zuzendari, mozorro dendako kide, txaloen arrantzale... Denetarik izatea egokitu zitzaien bertsolariei. Irati Mendiguren gai jartzailearen esanetara 4 talde eta 8 bertsolari. Bertsoak ez ezik hitzak ere asmatu behar izan zituzten bertsolariek. Eta bete-betean asmatu zuten. Ander Solozabal eta Jagobaren jotak, Ainara Balantzategi eta Felipe Zelaietaren San Valentin egunak, Asier Rubio eta Izar Mendigurenen patxaranak eta Orlando Arreitunandia eta Unai Bengoetxearen ispiluak ere eman zuten zer esanik. Jende gutxi baina artista asko.
Amaieran jota eta guzti agurtu zituzten bertsozaleak. Ez luzerako ordea: Arabako bertso kuadrillartekoak aurrera darrai. Laister egingo dugu top@ edozein herriko plazetan!
Topaketaren informazio guztia hemen: http://www.bertsozale.eus/eu/araba/bertso-kuadrilla-artekoa-2016/saioak/urtarrilak-30-laudio