Araba

Zalduondoko saioa jokatuta finala erabakia geratu da

2019/11/11
Aramaioko kanporaketa pasata, Bertxoko sariketako 2.kanporaketaren txanda heldu zen, baina kasu honetan Zalduondoko Zeledon Toki Elkartean.

19:00ak inguru, han batu ziren bertxokotarrak montajerako prest. Eskerrak handik bertxokotarrak laguntzeko herriko batzuk zeudela, hauengatik ez balitz, pikoteoa ez zen hain ona izango.

 

Bertxokotarren abilezia falta eta arazo teknikoak medio, saioak argazki politak bai, baina entzungai gutxi utzi zituen. Ulertezina da nola audioa grabatu ez baina Hala Bedi irratian programa bat zuzenean emititzeko kapazak diren.

 

Arratsaldeko 8ak heltzearekin batera gerturatu ziren bertsolari, familia eta entzule guztiak Elkartera. Sutondoaren inguruan hotza kendu eta tripak odolki, txorizo, patata tortila eta gaztarekin betetzeko astia izan zuten orduantxe.

 

Gehiago luzatu gabe, bertso festa ere hasi zen. Bigarren kanporaketan aritu zirenak Xabi Antia, Aroa Arrizubieta, Aitor Najera, Mikel Martin, Eukene De los Aires eta Maddi Agirre izan ziren. Aurkezle lanetan Peru Abarrategi ibili zen.

Bertsolariek osatu beharreko ariketak zortziko nagusian 2na bertso, zortziko txikian 3na bertso, 2 puntu erantzun eta asmakizunen jolasa. Saio honetan ere, nabaria izan zen asmakizunen jolasak izandako arrakasta.

Lan puntuagarriak bukatu eta publikoaren txanda heldu zen. Haien eskuetan zegoen Martin Abarrategi eta Markel Yoller Aramaioko saioko sailkatuekin batera, nortzuk pasako ziren finalera. Paperak banatu, bakoitzak iritzia eman eta Aroa Arrizubieta eta Maddi Agirre izan ziren publikoaren ustez bertxokotarrek proposatutako ariketak hoberen egin zituztenak.

 

Finalaren egunean Markel Yoller, Martin Abarrategi, Aroa Arrizubieta eta Maddi Agirre arituko dira. Finala, azaroaren 21ean, 20:00ak aldera, Gasteizko Hala Bedi tabernan. Ezin jakin audioa grabatzen asmatuko duten, beraz badakizu, etorri eta ez galdu bertxokoko finalaz gozatzeko aukera!

Egin hemen sariketaren jarraipena!