Xabi Igoa izan zen garaile Maeztuko Oholtzapetik saioan
Maeztun burutu zen aurreko ostiralean OHOLTZAPETIK egitasmoko 4. jardunaldia. Bertan Eli Plazaola gai jartzailearen aginduetara aritu ziren honako bertsolariak: Manex Agirre, Manu Bendala, Xabi Igoa eta Rikardo Gonzalez de Durana.
Azken hilabeteetan sortutako egoera eta egungo kontestuari lotutako gaiak jorratu zituzten saioan zehar, batzuetan umoretik eta bestetan gaiak exijitzen zuen seriotasun ikuspuntutik. Ale ederrak entzuteko parada izan zuten hulbildutako 30 lagunek.
Saioa amaitzear, agurrak kantatu aurretik heldu zen ikuslearen epaia, bertsolari bakoitzari txalo zaparrada eskaintzeko unea. Eta entzuleek hala erabakita Xabi Igoa izango da, uztailaren 17an, Araiako kaleko frontoian kantatuko duen bertsolaria Felipe Zelaieta, Peru Abarrategi eta Oihane Perearekin batera.
Arabako Bertsozale Elkarteak eta tokian tokiko Udalek entzuleen osasun eta segurtasuna bermatuko dituen neurriak hartuko dituzte.
Saioaren eremura aurretiaz etortzeko eskatuko zaie bertsozaleei. Derrigorrezkoa izango da maskara jarrita izatea eremuan sartu eta irteteko, 1,5 metroko distantzia mantentzerik ez bada. Saioak irauten duen bitartean, jarlekuetan maskara gabe egon liteke. Eserlekuak banakakoak edo binakakoak izango dira eta 1,5 metrotako distantziara lekutuak egongo dira, hauek saio aurretik eta ostean garbitu eta desinfektatuko dira.
Bertaratutako zaleei antolatzaileen argibideei kasu egiteko eskatzen zaie.