Araba

Arabako udaberriko bertso barnetegian izena emateko epea martxoaren 16an zabalduko da

2025/03/11
Arabako Bertsozale Elkarteak Arabako hainbat Kuadrilla eta Udalen laguntzarekin hiru eguneko bi egonaldi antolatu ditu Espejon. Lehenengoa apirilaren 22tik 24ra izango da eta bigarrena apirilaren 24tik 26ra.

Urtero lez, Pazko asteko oporraldian euskaraz jolastu eta bertsoez gozatzeko, inguruko natura eta kultura hobeto ezagutzeko helburuarekin Udaberriko Bertso Abentura burutuko da. Arabako haur eta gaztetxoek norbere herritik gertuko lagun berriak egin, bertso munduan murgildu eta ondo pasatzeko aukera paregabea izango dute aurtengoan ere. Lautada eta Gorbeialdeko Kuadrillekin eta Laudio, Amurrio, Aiara, Artziniega eta Oiongo Udalekin elkarlanean antolatu dira bi  egonaldiak. 

Udaberriko oporraldia probestuz, lehen egonaldia apirilaren 22tik 24ra bitartean izango da, asteartetik ostegunera eta bigarrena apirilaren 24tik 26ra bitartean, ostegunetik larunbatera. 2013 eta 2014 urteetan jaiotakoei dago zuzendua eta bertso eskolan dabiltzan 2012an jaiotako ikasleek ere aukera izango dute barnetegian parte hartzeko. Barnetegi batean edo bestean izen-ematea norberaren aukerakoa izango da dataren arabera.

Plaza kopurua mugatua da eta beraz ekintza babesten duten udalerri eta Kuadrilletako parte-hartzaileek lehentasuna izango dute izena ematerako orduan, bigarren irizpidea izen-ematearen ordena izango delarik. Izen ematea bera ONLINE izango da eta link honetan ageri den formularioa bete beharko da horretarako. Izen ematea martxoaren 16an zabalduko da eta 27an itxi.

Prezioa 50 eurokoa da antolatzaile diren Kuadrilla eta Udaletako parte-hartzaileentzat, eta gainerakoentzat 70 eurokoa. Izen-ematea onartutakoan ordainketa gutuna helaraziko da posta elektronikoz.  

 INFORMAZIOA PDFan

 

*LEHENTASUNA 

Gorbeialdeko Kuadrilla: Aramaio, Legutio, Arrazua-Ubarrundia, Zuia, Zigoitia, Urkabustaitz, 

Lautadako Kuadrilla: Dulantzi, Donemiliaga, Agurain, Asparrena, Barrundia eta Iruraitz-Gauna,

Amurrio, Laudio, Artziniega, Aiara eta Oiongo haurrek izango dute