Sanchezek eta Ruiz de Pinedok irabazi dute Bertxoko Sariketa
Aguraingo Iguaran elkartean jokatu zen, ostiralean, aurtengo Bertxokoko finala. Kanpoko hotzari kontra eginez, giro goxoa sortu zen. Lautadako Bertso-Eskolak prestatutako afari goxoaren ostean, kafe eta kopekin batera hasi zen saio. Bertakoek eta Gasteiztik etorritako entzuleek disfrutatu zuten saio umoretsuaz.
Azaroan jokatuta hiru kanporaketetatik sailkatutako hiru bikoteak, Iñaki Viñaspre gai-emailearen gidaritzapean. Jagoba Apaolazaren ordez Izar Mendigurenek kantatu zuen Ander Solozabalekin batera, Ruben Sanchez eta Jon Ruiz de Pinedo, Oihane Perea eta Iker Pastor aritu ziren nor baino nor bikoteka jokatutako sariketako finalean.
Kanta edo doinu ezagun batean agur bikainak kantatu zituzten bertsolari bikoteek, eta zortziko txiki eta handian ere txukun aritu ziren. Hiru bikoteak proban ipini ziren bikoteka aritzeko ariketetan: asmakizuna, habanera puntuka eta kartzela. Azken honetan lehertu zen saioa. Bukatzeko koplaka aritu ziren sei bertsolariak. Honekin bukatu zen lan puntuagarria
Azken agurrak entzun ostean jakin zen epaia: Ruben Sanchez eta Jon Ruiz de Pinedo irabazleak! Sei bertsolarien agur kolektibo eta irabazleen agurrarekin amaitu zen 2013an bikoteka jokatutako Bertxoko sariketa.