Oholtzapetik finalera heldu da
Pasa den ostiralean jokatu zen Oholtzapetik ekimenaren azken saioa, final handia. Oier Suarezek bete zituen gai jartzaile lanak eta bertsotan, Aroa Arrizubieta, Unai Anda, Felipe Zelaieta eta Jagoba Apaolaza izan genituen. Ordura arteko saio guztiak kalean egin baziren ere, oraingoan, behe laino eta ekaitza tarteko, Murgiako gaztetxean burutu zen bertso saioa, eta oholtza txiki batetik abestu behar izan zuten. Entzuleak majo erantzun zuen eta 50 lagun inguru bildu ziren, adin guztietako jendea gainera. Bertsolariek ere saio umoretsua egin zuten, batez ere erdialdetik aurrera gehiago asmatuz. Gustagarria egin zitzaien bertaratuei eta txalo zaparrada luze batekin eskertu zuten egindako ahalegina, oraingoan epaitzeko baliagarria ez zen arren. Honenbestez eman zaio amaiera aurtengo Oholtzapetik ekimenari, beste saio eta ekimen berrien esperoan geratzen gara beraz.
OHOLTZAPETIK egitasmoa jarraitzeko hemen https://www.bertsozale.eus/eu/araba/proiektuak/oholtzapetik-entzulea-epaile/oholtzapetik-2018