Sabin Abarrategi izan da garaile Ozaetan jokatutako Oholtzapetik saioan
Uztailaren 14an, Ozaeta-ko plazan, ospatu zen ‘Oholtzapetik, entzulea epaile’-ko hirugarren saioa. Txalometroa baliatuz, bertaratutako entzuleek, Sabin Abarrategi aramaioarrari eman zioten garaipena.
Bertso saioan Iñaki viñasprek, Irati Andak, Hegoi Amabizkak, Orlando Arreitunandiak, Sabin Abarrategik eta Unai Andak hartu zuten parte, Ohiane Perearen gidaritzapean. Saio ederra osatu zuten denen artean.
35 gradu markatzen zituen termometroak Ozaetako plazan arratsaldeko zazpiretan, baina horrek ez zituen bertsozaleak ikaratu eta 30 bat entzule elkartu ziren saioaz gozatzeko.
Santxa Otxoa de Ozaeta, Elgeako haizerrotak eta beste hainbat gai izan zituzten hizpide bertsolariek. Asmakizunetan ere ibili ziren bertsolariak saioaren amaieran.
Behin bertsolarien lanak amaituta, entzuleek hartu zuten protagonismoa. Txalo bidez eskertu zuten bertsolari bakoitzaren lana. Sabin Abarrategi izan zen txalo zaparrada handiena jaso zuena , eta horrek saioko garailea bihurtu zuen.
Hemen egin Oholtzapetik egitasmoaren jarraipena, argazkiak eta beste.