Martxan da bideo-kopla lehiaketaren bozketa
Arrakasta handia izan du berriz ere Gasteizko Udalak sustatutako Euskararen Astearen barruan Arabako Bertsozale Elkarteak eta ALEAk elkarlanean antolatutako bideo-kopla lehiaketak: 1.752 umek parte hartu dute eta 97 bideo aurkeztu dira. Azken txanpa honetan, bideoak bidaltzeko epea amaituta, bozketa fasea ireki da, eta "bihurrikeriak" gaiaren inguruan sortutako lan guztiak ikusgai dituzue ALEA.eus webguneko atal berezian.
Azaroaren 29ra bitartean —egun horretako 23:59ak arte—, bideo guztiak ikusgai izateaz gain, pertsona bakoitzak hiru bideo bozkatu ahal izango ditu; eta gailu bakoitzetik behin bakarrik bozkatu daiteke.
Irabazleak eta sariak
Jasotako lan guztien artean, hiru sari banatuko dira: alde batetik, publikoak erabakiko du bideo-kopla onenaren saria; horrekin batera, ALEAko eta Arabako Bertsozale Elkarteko epaimahaiek lan bana aukeratuko dute.
Beraz, sarituak ugari izango dira, eta askotariko sariak izango dituzte eskuragarri:
- BAHK-eko izotz pistan taldean gozatzeko esperientzia talde irabazle bakoitzarentzat.
- ELKAR-en material sortak irabazleentzat eta taldearentzat.
- Laboral Kutxaren eskutik, taldean gozatzeko sari ederrak.
Bertso saioa eta sari banaketa
Abenduaren 2an, ostegunean, 19:00etatik aurrera, Amets Arzallus, Peru Abarrategi, Oihane Perea eta Irati Anda izango dira Salburua gizarte etxean, sari banaketaren aurretik publikoa gozarazteko. Beraiekin izango dira Uxue Diaz de Zerio —gai jartzaile gisa—, Nahiara Eizagirre eta Aintzira Gorosabel —musika eta laguntza eskaintzeko—.
Ekitaldian parte hartzeko gonbidapenak doakoak dira, baina aldez aurretik eskuratu beharko dira, saioaren eguneko 17:00ak baino lehen. Saioaren egunean sarrerarik geldituko balitz, 18:40ean zabalduko da txarteldegia, aretoko ateak irekitzearekin batera.