Araba

Martxan da bideo-kopla lehiaketako irabazleak aukeratzeko bozketa

2023/11/21
Azaroaren 27ra arte bozkatu ahalko dira bideorik gustukoenak.

Ehun bideotik gora izango dira lehian Bertso-kopla bideo lehiaketako IV. edizioan. Aurrekoetan bezala, arrakasta izugarria izan du lehiaketak eta 2.000 parte-hartzaile inguru ariko dira lehian aurtengoan.

Gaurtik hasita, eta azaroaren 27a bitartean, bideorik onena aukeratzeko epea irekita izango da. Guztien artean, hiru bideorik gustukoenak aukeratu ahalko dituzte ALEAko irakurleek. 

Irabazleak eta sariak

Jasotako lan guztien artean, bideo-kopla onenaren saria aukeratuko du publikoak, eta, horrekin batera, ALEAko eta Arabako Bertsozale Elkarteko epaimahaiek lan bana aukeratuko dute. Ugari izango dira sarituak horrenbestez, eta askotariko sariak izango dituzte eskuragarri:

  • Laboral Kutxaren eskutik, taldean gozatzeko Eskape Room bat Lautadan.
  • BAHK-eko izotz pistan taldean gozatzeko esperientzia bat.
  • ELKAR-en material sortak irabazleentzat eta taldearentzat.

Sari banaketa

Iazko edizioan bezala, bertso saio paregabe batekin amaituko da aurtengo lehiaketa. Abenduaren 3an, igandean, 12:00etatik aurrera, Oihana Iguaran, Unai Anda, Oihane Perea, Aroa Arrizubieta eta Irati Anda izango dira Salburua gizarte etxean, sari banaketaren aurretik publikoa gozarazteko. Beraiekin izango dira Uxue Diaz de Zerio —gai jartzaile gisa—, Nahiara Eizagirre eta Aintzira Gorosabel —musika eta laguntza eskaintzeko—.

Ekitaldian parte hartzeko gonbidapenak doakoak dira, baina aldez aurretik eskuratu beharko dira, saioaren eguneko 11:00ak baino lehen. Saioaren egunean sarrerarik geldituko balitz, 11:40ean zabalduko da txarteldegia, aretoko ateak irekitzearekin batera.

ALEA