Maiatza osoan zehar eskualdez eskualde bertsotan ibili dira gaztetxoak
Lehen Hezkuntzako ikasleak herriz herri Zigoitiraino
Arabako 50 ikastetxetan bertsolaritza lantzen dute eskola ordutan 2500 haur inguruk eta denen artean ospatzen da Eskolarteko Txapelketa. Metodologia berrikuntza izan da azken urteetan, irakasleen formazio eta materialgintzan. Gaur egun bat-batekoak toki berezia hartu du gelan eta gelatik kanpo. Horri lotuta bi modalitate ezberdinetan aritu dira, idatzizko bertso sortak kantatuz gelan prestatu ostean eta bat-batean jende aurrean.
Eskualde bakoitzean topaketa bat burutu da. Oionen, Kanpezun, Legution, Laudion, Araian eta Gasteizen izan dira aurtengoak, saio bakoitzean 80-100 haur izan direlarik oholtza gainera igo direnak.
Finalaren ordua heldu da, asteburu honetarako dena prestatzen ari da Arabako Bertsozale Elkartea. Ekainaren 1ean izango da Zigoitin, bertako Bengolarra frontoian. Sarituek irailaren 7an Hontza Extrem abentura parkean egun pasa izango dute elkarrekin.
Gero eta gaztetxo gehiago dira ikastetxean hasitako bidea sakontzera bertso-eskolara animatzen direnak, eskolaz kanpoko ekintza moduan zein herri mailan. Eskualde guztietan daude bertso-eskolak gainera.
Bertso-eskolan parte hartzeko Interesa baldin baduzue hemen duzue izena emateko aukera.