Legution, bertsoa bizi eta gazte
Arabar bertsolaritzaren etorkizuna islatu da Legutioko uretan Bertsoa Bizi Gazte egunean. Bertako urtegian bildu dira Arabako eskualde ezberdinetatik irailean abiatu ziren erreka txikietako ur berriak. Euri pixka bat egin du azken egunetan baina ateri eutsi dio gaur eguzki izpiak eta tenperatura atsegina opari, eskolaz eskola jasotakoaren eta gaur Legution emandakoaren metafora bikain moduan.
Arabako eskualde guztietako 1000 ikasle inguruk hartu dute parte Bertsoa Bizi Gazte proiektuan eskola ordutegiaren barruan tailer laburrak eginez, ikastetxeetako bertso saioetan parte hartuz eta eskola ordutegitik kanpoko tailer laburrekin. Bideoklipen lehiaketa gaur amaitu da, eta 10:30ean Legutioko kultur etxean ikusi ahal izan dira, umore, kritikotasun eta aldarrikapenez betetako sormen lan bikainak. Hitza, doinua eta irudia bat eginda bi minutuko 12 talde-lan aurkeztu dira lehiaketan, eta parte hartzaile izan diren 80 gazte eta hainbat bertsozale bilduak dira kultur etxean. Azkenean hauek izan dira sarituak:
-
Bideoklip onena. Zarautzen asteburu pasa eta surf ikastaroa ARMENTIA IKASTOLAKO ikasleek egindako “ohartu zaitez” bideoklipak eskuratu du.
-
Bideoklip originalenaren. Garaion sorginunean sorkuntza asteburu pasa ARMENTIA IKASTOLAKO ikasleek egindako “Barbi inperfektuak” bideoklipak
-
Ni banax arabakoa saria. Web guneko bozkatuena, OIONGO SAN BIZENTE IKASTOLAKO “Mahatsaren errotik” bideoklipak eraman du. Otxandion asteburu pasa, Ontza extrem-en.
-
Txalometroaren saria. Legutioko kultur etxean txalometroaren bidez neurtu da eta Urbasan abenturan asteburu pasa eskuratu dute. MURGIAKO Institutuko “Etorkizuna landuz” bideoklipa izan da saritua.
Hamaiketako goxoaren ostean Legutioko kultur etxean Arabako eskolarteko bertsolari txapelketako finala jokatu da. Gasteiztik Aroa Arrizubieta, Ilardutik Markel Yoller, Murgiatik Unai Anda eta Aramaiotik Aitor Ugarte eta Martin Abarrategi izan dira eskolartekoaren saguzaharraren lemari jarraiki oinak buruan bat-batean kantari aritu diren gazteak. Zortziko handian bina bertso ofizioka, zortziko txikian hiruna bertso ofizioka, bi punturi erantzun eta gaiari bertso bat kantatu behar zituzten bertsolariek. Gogoz entzun eta txalotu dute 14-18 urte bitarteko bertsolari gazteek egindako ahalegina bertan bildutako guraso, lagun eta gazte andanak. Aretoa beteta eta bertsotarako giro goxoa egon da hasieratik. Bertsolariaren bat-bateko jardunarenganako errespetu eta miresmen handiz jarraitu dute bertan zeuden gaztetxoek saioa. Bertsolariek saioak aurrera joan ahala nerbioak alde batera utzi, tenplea atera, eta gozatu eta gozaraztea lortu dute, elkar zirikatuz lagun artean eta ideia eta ale ederrak utziz bakarka.
Epaimahaiaren erabakia honako hau izan da: lehen postua, Aroa Arrizubieta eta bigarren postua, Aitor Ugarte. Beraz, Euskal Herriko finalerako txartela Aroa eta Aitorren eskuratu dute.
Eguerdian bertaratuko lagun guztiek herri bazkaria izan dute plazan eta bazkalostean bertso saio musikatua, dantzaldia eta sari banaketaz amaitu da Legutioko festa egun dotorea.
Txikienak ere eskolartekoarekin martxan dira eskualdez eskualde. Bertso idatzien lehiaketan 2000 ikaslek hartu dute parte gelan egindako bertsoekin. Ostiralean bertso idatzien lautadako eskolarteko topaketa izan zen Aguraingo Zabalarte Aretoan, eskualdeko lanak saritu eta jende aurrean kantatu zituzten gaztetxoek. Igandean EKA asteburuaren baitan, Arabar Errioxako eskolarteko bertso paper lehiaketaren sari banaketaren txanda izango da Lapuebla de Labarkan. Datorren astean Aiaraldea, Gorbeialdea eta Mendialdeko haurren txanda izango da, eta Gasteiztarrek Maiatzaren 27an izango dute hiriburuko topaketa. Egun horretan bertan izango da 14 urte bitarteko gaztetxoen eskolarteko festa eguna, bertso paperen Arabako finala jokatuko da eta Arabako bertso-eskoletako haurren bat-bateko emanaldia eskainiko dute.