Lautada-Labraza, bertso-abentura
Lautadako gaztetxook, gabonetan, ez zeukaten etxean geratzeko gogorik, eta oporretan etxean geratu beharrean, urtero Arabako Bertsozale Elkarteak antolatzen duen bertso abenturara joan ziren. Aurten abenduaren 28tik 30era izan da eta Labrazako (Arabar Errioxa) aterpetxean egon dira.
28 goizean atera ziren Lautadatik, Mendialdean azken geldialdia egin ostean, Labrazara abiatu ziren. Aitortu behar da batzuk zorabiatu egin zirela errepideko kurbengatik. Labrazako aterpetxera iritsi ziren, haien sukaldariak izango zirenak zain zeuden eta denak batera ezagutza jolasak egin zituzten. Arratsaldean herria ezagutu, jolasak eta gaueko bertso-saiorako gaiak prestatu zituzten. Haiek izan ziren afal osteko bertso-saioko gai-jartzaileak, oso ondo pasa zuten, batez ere jogurta eman zietenean bertsolariei.
Labrazako aterpetxean bi errege zeuden, eta borrokan zeuden tronua nork irabaziko zuen, erregeak Sir Imiri eta Epi Erregeak ziren. Bi taldetan banatu eta talde bakoitzak bere erregearen aldeko borroka egin behar izan zuten. Lehen froga talde bakoitzaren erregea janztea izan zen. Hori bukatuta benetako borroka hasi zen, tronua nork irabaziko zuen erabakitzeko pista jolasa osatu behar izan zuten herri osotik. Azkenean Sir Imirik lortu zuen tronuan esertzea.
Arratsaldean, hainbat gauza egin zituzten: etxera eramateko bertso-postalak, afariko postrea, jolasak eta sukaldari batek eraman zuen dronarekin bideoak atera zituzten.
Konturatu zirenerako asteazken goiza zen, hau da, azken gosaria. Etxea zegoena baino txukunago utzi eta azken jolasak egin ondoren, herriari agur esan zioten. Aitortu behar da bueltan ere batzuk zorabiatu egin zirela.
Primeran pasatu zuten, oso ondo jan zuten, baina hurrengo urterako pizza egotea eskatu zuten!