Araba

Aramaioko kopla txapelketa Aitor Bizkarrak irabazi zuen

2024/11/27
2024 urtean, Aramaioko kopla txapelketaren V. edizioa jokatu zen azaroaren 15ean.

Ostirala, kalean hotza nagusi, baina berriro ere jende ugari bildu zen Aramaixoko Kopla Txapelketaren bostgarren edizioa bertatik bertara ikustera. Hurrengo zortzikotea aritu zen kantuan: Aitor Bizkarra, Igor Elortza, Ekhiñe Zapiain, Erika Lagoma, Unai Gaztelumendi, Eli Zaldua, Amaia Iturriotz eta Josu Sanjurjo. Arratsaldean kalean egin zituzten lehenengo bi saiotxoak, herriko tabernen atarietan, ikusleak beraien potetxoa eskuan goxo entzuten zeudelarik. Gai-jartzaile lanetan Danel Herrarte eta Peru Abarrategi aritu ziren, herriko bertso eskolako kideak. Iluntzean kalean aurkitutako hotza atzean utzi ostean, eskolako jantokiaren goxotasunean afaldu zuten eguneko protagonistek, bertara bildu ziren 90 lagunekin batera. Menu eder bat sabeleratu eta afal ondorengo saioari ekiteko prestatu ziren bertsolariak. Gaueko saioa herriko hiru musikari treberen laguntzaz abestu zuten, Maria Izaga, Paula Amilburu eta Andoni Zabalo aritu ziren beraien instrumentuekin, bertsolariak laguntzen eta gutxitan bezalako giro magiko hori sortzen. Zortzi protagonistek gaueko lanak amaitu ostean, bi besterik ez ziren geratu garaikurraren lehian, bi bizkaitar, bizitokiz elkarrenganadik oso gertukoak. Igor Elortzak eta Aitor Bizkarrak buruz-buruko eder bat eskaini zuten eta lehia estua izan bazen ere, bietako gazteena suertatu zen garaile. Honenbestez, Aitor Bizkarra dugu Aramaixoko Kopla Txapelketako aurtengo edizioaren irabazlea. Hurrengo urtera begira, akatsak zuzendu eta gogotsu antolatuko dute seigarren ekitaldia Aramaixoko Bertso Eskolako kideek.

Ikusi hemen argazki galeria