Joxe Agustin Iriondo "Txusta" zendu da

2021/11/02
78 urterekin atzo hil zen Joxe Agustin "Txusta" Arabako bertsolaritzaren aita pontekoa.

Atzo hil zen Joxe Agustin "Txusta". Mendaron jaio zen 1943an, baina umea zelarik joan zen Gasteiza bizitzera. Gasteizko bertsolaritzaren, euskararen eta herrigintzaren aldeko lan handia egin zuen.

Arabako Bertso eskolen hasieraren 39. urteurrenean, Gasteizko eta Arabako bertsolaritzaren erreferente bat joan zaigu, hainbat urtez Txustak gidaritzapean zuen taberna izan zen Arabako bertsolaritzaren habietako bat.

Gasteizeko bertso eskolak hasiera "Lantzale" dantza taldearen lokalean izan bazuen ere, handik gutxira Abel Enbeitaren eskariz bertso eskolaren egoitza Kirolak edo denontzat ezaguna zen bezala Txusta tabernako goiko solairua bilakatu zen.

Hamaika poto, bertso afari, bilera eta hainbat saio eder entzun zituzten taberna hartan zebiltzanek, tartean Txusta ere baita haren ama ere. Gasteiztik pasatako hainbat bertsolari entzutetsu zein ez hain entzutetsu pasa izan ziren handik, Abel Enbeitak esan izan duen bezala "Arabako bertsolaritzaren epizentroa" baitzen Txusta buru zen taberna.