Izar Mendiguren aukeratu zuen publikoak Ozaetako Oholtzapetik
Ozaetako Iduia Jauregian OHOLTZAPETIK egitasmoa abiatu zen ostiralean. Egitasmo berria da Arabako Bertsozale Elkarteak martxan ipini duena. Arabako 16 bertsolari, 4 gai-jartzaile eta entzulea epaile. Publikoaren epailetzaren arabera, finalerako sailkatuko da saio bakoitzaren bozkatuena eta Ozaetan Izar Mendiguren laudiotarra izan zen.
Nieves del Alamo gai-jartzaile eta aurkezlearen eskutik Iñaki Viñaspre, Julen Zulaika, Izar Mendiguren eta Orlando Arreitunandiak kantatu zuten. Plazako saio baten formatuan eta ariketetan aritu ziren bertsolariak. Saioa goranzko joera hartu zuen, nahiz eta bertsolariek hasieratik bereganatu zuten entzuleen interesa; oso saio gustagarria suertatu zen.
Bukaerako agurrak baino lehen, bertaratutako 35 lagunek epaitzeko ariketa egin zuten. Lau bertsolarien izenak idatzitako paper batean bat utzi behar zuten; gustukoena. Izar Mendiguren izan zen gustokoena Ozaetako entzuleen iritziz eta ondorioz maiatzaren 13an Legution kantatuko duena.
Datorren ostiralean, Murgiako liburutegian, 20:30an, bigarren kanporaketa jokatuko da. Aintzane Irazusta gai-jartzailearen eskutik Oihane Perea , Asier Otamendi, Iker Agirre eta Peru Abarrategik kantatuko dute.
OHOLTZAPETIK egitasmoa jarraitzeko hemen http://www.bertsozale.eus/eu/araba/proiektuak/oholtzapetik2016