Ez dago bertso eskola bezalakorik

2015/07/06
Manex Agirre bertsolari eta euskara teknikariaren ikerketaren arabera, hizkuntzaren normalizazioaren bidean, aisialdiko ekintzen artean, ez dago bertso eskola bezalakorik.

Manex Agirrek Arabako bertso eskoletako gazteak eta euskararekiko atxikimendua ikerketa lana burutu du, Hiznet 2013-14 Sakontze egitasmoaren barruan. 2013-2014 ikasturtearen amaieran burutu zuen lana. Ikasturte horretan hamazazpi bertso eskola ziren Araban. Horietarik bakarra legoke euskarak indar handia duen eremu soziolinguistikoan –Aramaion–, eta honenbestez, erdalgunean leudeke gainerako hamaseiak. Hamazazpi bertso eskola horietan 37 talde zeuden eta horietarik zazpi ziren Agirreren ikergai ziren adin tarteko kideak zituztenak, 14-20 urtekoetan, hain zuzen. 40-50 bat lagun guztira, arabarrak, gazteak, eta euskal hiztunak.

 

Esan izan denez, Arabako erdarazko ozeanoan bertso eskolek egiteko inportantea dute euskara biziberritzeko prozesuan. Manex Agirrek begirada zorroztu eta gehiago jakin nahi izan du, bere buruari galdezka: “Egunerokoan, zertan eragiten dute, benetan, bertso eskolek? Zein da haien ageriko eragina, gazteek euskararekiko duten harremanean? Denek dute harreman bera euskararekin? Bertso eskolan izena ematen duten unean, hiztun-hautua egina al dute denek? Euskararekiko etorkizunean izan nahi luketen harremana zehaztuta al dute denek? Ba al dute inguruan dituzten bi hizkuntzen arteko desorekaren kontzientziarik? Sentitzen al dute erantzukizunik, euskararen biziberritze-prozesuari dagokionean?”.

 

Galderak eginez batera erantzuten ditu, holako ondorioak atera ditu:

-          Arabako erdalguneko bertso eskoletako gazteak dira aktiboak, sormenerako zaletasuna dutenak.

-          Euskararekiko nolabaiteko atxikimendua badutenak, baina horretan gehiegi pentsatu ez dutenak.

-          Bertso eskolan izena eman dutenak erakargarri egin zaielako, ondo pasatzen dutelako… eta ez bertsozaleak direlako.

-          Gaztelania du ohiko hizkuntza. Hala ere, bertso eskolan euskaraz egingo du. Modu oharkabean egingo du aldaketa hori.

-          Badu barruan gehiegi erabiltzen ez duen hizkuntza horrekiko atxikimendu bat, berea dela sentitzen du, baina kosta egiten zaio mingaina dantzan jartzea.

-          Euskaraz gehiago egiten dute bertso eskolara doazenek. Bertso eskolak ez du bermatzen bertako partaideek ahal duten guztietan egingo dutenik euskaraz, baina, oro har, hizkuntzarekiko, eta bereziki euskararekiko, aurretik zuen harremana aldatzen du bertso eskolak. Bi arrazoirengatik gertatzen da hori: bertsoak, bertso eskolako lan-tresnak, horretarako aukera erakargarriak ematen dituelako; eta bertso eskola bera, espazio gisa, euskararekiko harremana lantzeko gune berezia delako.

-          Euskaraz egiten ez ezik, euskara bera hobetzen ere lagundu ohi die bertso eskolak ikasleei.

-          Euskararen bizileku ere bada bertso eskola. Funtzio gehigarri bat betetzen du; gehigarri izan arren, funtsezkoa ere baden funtzioa. Euskararekiko atxikimendu pobrea, harreman behartua, erlazio urruna duen gazteak nekez egingo du erabilerarako jauzia. Bertsoak harreman hori aldatzen laguntzen du.

 

Manex Agirrek ez du zalantzarik, haren ikerlaneko azken hitzetan esan digu: “Zaila dago aurkitzen, erdalguneko aisialdi eskaintzan, euskararen normalizazioaren ikuspegitik, bertso eskola batek baino arrakastarako aukera handiagoa eman dezakeen eskaintza zehatzik, gaur egun. Ez da uste harro bat. Praktikak erakusten du”.