Espejok eta Manurgak bertsotan hasi dute udaberria
8-12 urte bitarteko haurrak izan dira Apirilaren 24,25 eta 26an egonaldi hauetan elkartu direnak. Arabako Bertsozale Elkartea eta eskualdeetako Udal ezberdinen arteko elkarlanari esker gauzatu ahal izan dira bi barnetegi hauek. Herri ezberdinetako ume eta gaztetxoek elkar ezagutu eta aisialdian ere euskaraz bizitzeko aukera paregabea.
Aiaraldeakoek Espejon zuten hitzordua. 54 ume elkartu ziren guztira, 8 begiraleren gidaritzapean. Eguraldia lagun ez izan arren, ekintzaz beteriko 3 egun eder pasatu zituzten umeek. Jolasak, bertso-tailerra, bertso-pala saioa, gaubelak… Denetarik egon zen, haurren gozamenerako.Espejo eta bere ingurunea ezagutu eta aterpetxeko instalakuntza eta jantokiko janari goxoaz disfrutatzeko aukera izan zuten denek.
Gorbeialdekoek berriz, Manurga aldera jo zuten. 18 izan ziren Manurgako Kontzeju Etxean elkartu zirenak. Bertso eskoletako 5 begiralek gidatuta. Hiru egun oso pozik pasa zituzten umeek, ekintza ezberdinetan gogotsu eta ilusio handiarekin parte hartuz. Jolas eta ekintza ezberdinez gain, zuzeneko bertso saioa ikusteko aukera ere izan zuten. Sukaldari lanetaz Ander arduratu zen.Bertsolari eta begirale bikaina izateaz gain sukaldari fina ere badela erakutsiz.