Eskolartekoaren amaiera Hontza Xtremen
Euskal Herriko Ikastolen konfererazioak eta Bertsozale Elkarteak antolatutako OINAK BURUAN bertso-eskolartekoaren azken txanpa.
Goizean goizetik autobusean abiatu ziren Arabar Errioxa, Mendialdea, Aiaraldea, Gorbeialdea, Lautada eta Gasteizko 60 gaztetxo Oletako lurretara. Batzuk bertsolaritza eskolan landu eta bertso idatzietan finalera iristea lortzegatik, besteak urte osoan zehar bertso-eskolan entrenatzen ibili eta gero maiatzaren 26ko finalean bat-bateko erakustaldi bikaina eskaintzeagatik.
Goizean goiz Hontza Extrem abentura parkean zuhaitzetatik zintzilik ibili ziren gaztetxoak eta Landako urtegian bainutxoa eta bazkaria hartu zuten ondoren. Bertsozale Elkarteko begirale eta bertso eskolako irakasleekin hainbat jolas egiteko tartea ere izan zuten. 19:00etan hartu zuten etxerako bidea.
Elkar ezagutu eta ederki pasatzeko aukera paregabea izan zuten eta 2018-2019 ikasturtea gogotsu hasteko prest izango dira. 2500 haurrek landuko dute bertsolaritza ikasturte honetan Arabako 44 ikastetxetan. Bertso-eskolak ere urrian jarriko dira martxan sakondu nahi duenarentzat. Dena martxan beraz Araban, ikasturte honetako uzta datorren udaberrian jaso arte. Bitartean euskaraz eta bertsotan gozatu!