Eskolartekoa Aramaion, Gorbeialdeko topaketa eta kanporaketa
Aramaioko Sastiña ermitan izan zen Aramaioko eskolarteko topaketa Larunbatean. 17:30ean hasi zen bertso-festa Legutio eta Aramaioko bertso-eskoletako txikien emanaldiarekin. 14 urtez azpiko 8 gaztetxok saioa alaia osatu zuten, lau oinak, azken puntua eta gaia jarrita bertsoak osatuz, entzuten ari ziren lagun, guraso eta herritarren berotasunaren babesean. Legutio eta Aramaioko bertso-eskoletako gazteen txanda izan zen gero eta saio bizia eskaini zuten entzuleen gozagarri. Epaimahaiak finalerako txartelak Aramaioko Peru Abarrategi eta Legutioko Maria Fuentesen esku utzi zituzten eta haiek izango dira Lautadako saioan sailkatutako Markel Yoller eta Egoitz Iradier, eta Gasteizko saioan sailkatutako Maddalen Arrausi eta Unai Argoterekin finaleko seikotea osatuko duten bertsolari gazteak. Eguraldia lagun, kalean merienda goxoaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratu ziren guztiek. Bertsoak gosea pizten du antza, ez baizen soberan gauza handirik geratu. Mendialdeko bertso topaketa izango da azkena. Maiatzaren 24ean, 13:30etan Kanpezuko kiroldegian, Mendialdea ikastetxearen festako egitarauaren barruan. Bertan bertsolaritza mendialdeko ikastetxetan lantzen ari diren haur eta gazteek bertso sorta kolektiboak kantatuko dituzte eta Mendialdeko bertso-eskolako txikiek bat-bateko saioa eskainiko dute.
Gosez geratuko direnek, eta errepikatu nahi dutenek, aukera ederra izango dute Maiatzaren 31an Legution ospatuko den Arabako bertso-eskolen egunean izango den topaketa, finala, bazkari herrikoi eta festa egun ederraz gozatzeko. On egin!