Araba

Festa giro ederrean amaitu da 2018ko 14tik beherakoen Eskolartekoa

2018/05/28
Zigoitiko frontoian amaitu zen Larunbat goizean "oinak buruan" 2018ko Arabako eskolartekoa.

11:00etan puntu-puntuan hasita Legutio, Aramaio, Armentia ikastola, Zalduondo eta Aguraingo bertso eskoletako 14 urtez azpiko gaztetxoek erakustaldi bikaina burutu zuten bat-batean bertan bildutako 200 lagunen aurrean. Batzuk lau oinak, amaiera edo hitza emanda, eta beste batzuk ofizioka aritu ziren, bakoitzaren gaitasun eta ausardiaren arabera. Saio arina egin zuten eta  idatzizkoaren txanda izan zen jarraian. Arabako eskualde guztietatik etorritako 100 haur igo ziren oholtzara lehenago eskualdez eskualde burututako topaketetan hautatutako bertso paperak kantatzera.

Apirilean hasi ziren Arabako eskolartekoa 2000 ikaslek gelan taldeka egindako bertso idatziekin. Eskualdez eskualde topaketak izan ziren gero eta 500 haur eta gaztetxok hartu dute parte Kanpezu, Oion, Aramaio, Agurain, Amurrio eta Gasteizen Maiatzeko asteburuetan egindako jaialdietan.  Horien lagin eder bat izan zen larunbatean Zigoitian taularatu zena.

Finalistek Irailaren 16ean merezitako saria izango dute: egun pasa Legutioko urtegian eta Otxandioko Hontza extrem parkean. Ikasturte amaiera paregabea beraz. Jarrai dezala bertso abenturak!

Hemen argazkiak